Herritarrekin lankidetzazko gobernantzan sakontzeko prozesua abiatu du Arantzazulab-ek

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko abe. 1a, 16:21

Gaur goizeko aurkezpen ekitaldia, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategian.

Herritarrak "erabaki publikoetan modu aktiboan" inplikatzeko asmoa duen egitasmoa jarri dute gaur martxan Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak. Esperientzia hori beste herri batzuetan errepikatzeko eta zabaltzeko moduak aztertuko dituzte jarrian, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak azaldu duenez.

Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak herritarrekin deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiatzeko ekitaldia egin dute gaur Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren egoitzan, Gandiaga Topagunean.

Lankidetzazko Gobernantzaren inguruan ezagutza teorikoa zein esperimentazioa uztartu gura ditu Arantzazulab-ek, hala, Tolosako Udalarekin abiatuko duten egitasmoa esperimentazio marko horretan kokatzen da.

Naiara Goiak azaldu du egitasmoak Arantzazulab-eko misioarekin guztiz bat egiten duela, eta, herritarren parte-hartze aktiboaren garrantzian jarri du fokua: "Finean, herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugu, gobernantza inklusiboagoa sustatuz, eta herritarrei paper protagonista emanez erabaki publiko batzuk hartzerako orduan". Esperimentazio moduan abiatuko dute Tolosako prozesua, "herritarrek egungo agenda publikoaren diseinuan modu esanguratsuan parte hartzeko eta erakundeetan lankidetzazko gobernantza praktikan jartzeko egitasmo bat bezala".

Horrez gain, aurkezpenean zehaztu dute prozesuan ausaz aukeratutako herritarrak inplikatuko direla; "bertako komunitatearen aniztasuna ondo ordezkatuko duen pertsona-taldea". Funtzionamenduari dagokionez, herritar taldeak jasotako informazioa aztertuko du, adostasuna bilatzeko deliberatuko du jarraian, eta azkenik, agintari publikoei zuzendutako gomendioak garatuko ditu proposatutako arazo publikoaren inguruan.

Lehen saiakera horren ostean, beste herri batzuetara zabaltzeko aukerak aztertuko dituztela zehaztu du Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. 

Modu presentzialean zein streaming bidez egin dute bat gaurko ekitaldiarekin hainbat eragilek, hala nola, Tolosako Udaleko ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu saileko ordezkariak, lurraldeko beste udaletako eta tokiko erakunde publikoetako kideak, Arantzazulab-en Ikerketa Elkarguneko hiru unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea -UPV/EHU-, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea), edota Arantzazulab-en batzordeetako zein ekosistemako askotariko eragileak eta eragile sozialak (TMeLab, Agirre Lehendakaria Center, Eusko Ikaskuntza, Aztiker, EIBE Elkartea, Tolomendi, Debagoiena 2030, Julen Mendoza aholkularia, Deliberativa eta abar).

Demokrazia deliberatiboa

Ausaz aukeratutako herritarrekin partaidetza prozesu berritzaileak sustatzeko, erabakiak hartzeko deliberazio prozesuak herritarren artean zabaltzeko nahiz instituzionalizatzeko, tokiko gaitasunak sortzeko, eta baldintzak sortzen hasteko elkarlana abiatu du Arantzazulab-ek Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA/OCDE).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak