Ikus-entzunezkoen lege proiektuan hizkuntzen berdintasunaren alde ematen den urratsa "nahikoa" ez dela adierazi du Kontseiluak

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 1a, 13:29

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiektua onartu zuen atzo, eta hizkuntzen eta haien berdintasunaren alde lan egiten duten Espainiako Estatuko hamaika erakundek adierazpen bateratua egin dute gaur; tartean da, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua. Lege proiektua "nahikoa" ez dela iritzita, lege orokorrak "oinarrizko printzipio gisa hizkuntza-aniztasuna aitortzea, defendatzea, bermatzea eta sustatzea" eskatu diete indar politiko guztiei eta Espainiako Gobernuari.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiektua onartu zuen atzo, asteartea. Hizkuntzen eta haien berdintasunaren alde lan egiten duten Estatu osoko hamaika erakundek adierazpen bateratua egin dute gaur proiektuaren inguruan; besteak beste, euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte eragile batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua, Plataforma per la Llengua, Omnium Cultural eta A Mesa pola Normalización Linguistica daude sinatzaileen artean.

Erakundeen hitzetan, "ez dira inondik inora nahikoak" lege proiektuan jasotzen diren hizkuntza gutxituen aldeko urratsak. Iradoki dute legedi "justuago eta demokratiko" batek euskararen gisako hizkuntzei orain arte "ukatu zaizkien espazioak berreraikitzen eta berreskuratzen" lagundu behar duela. Beraz, eta Espainiako Kongresuan legea egikaritzen den bitartean, proiektua "nabarmen hobetu" beharko dela adierazi dute.

Eskaera zuzena

Netflix, HBO Max, Prime Video, Movistar+ edo Disney + bezalako ikus-entzunezko plataformetan aplikatuko den legea izaki, lege orokorraren testuak oinarrizko printzipio gisa "hizkuntza-aniztasuna aitortzea, defendatzea, bermatzea eta sustatzea" jaso dezala aldarrikatu dute. Eta bide horretan, eskaera zuzena egin diete indar politiko guztiei eta Espainiako Gobernuari aniztasun hori "gutxienez" lege orokorreko bi puntutan bermatu dadin. Ondokoak dira, zehazki, bi puntuak:

  • Lehenik, Estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdinduko dira bikoizketan, azpitituluetan eta audiodeskribapenetan.
  • Bigarrenik, Estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak berdinduko dira, plataforma digitaletarako zein telebista-kanaletarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak