Presoen harrerak "era pribatuan eta diskretuan" jaso nahi dituztela adierazi du EPPK-k

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 30a, 11:17

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) agiri bidez jakinarazi du presoei kaleratzean egiten dizkieten harrerak "hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan" jaso nahi dituztela.

Polemika antzurik ez dutela elikatu nahi diote agirian eta "arduratsu izateko eta modu eraikitzailean jokatzeko borondatea" dutela gaineratu. ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuenetik hamar urte bete direnean bakea galarazi eta inposizioa betikotu nahi dutenak daudela adierazi dute.

"Iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak minduta" sentitu daitezkeela ulertzen dutela adierazi dute. Eta kartzelan egon den presoak kalera irtetean hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea duela onartuta ere, harrera-ekitaldi publikoek mina eragiten dutela jakitun dira: "Argi esaten dugu gure gogoa dela sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea". 

Espainiar eta frantziar Estatuetako espetxeetako kideen artean kontsulta egin ondoren hartu du erabakia EPPK-k, hau da, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jasotzea: "Erabaki hau euskal preso politikook bizikidetzari, bakeari eta gurea eta gure senideena ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari egiten diogun ekarpen indibidual eta kolektiboa da".

Sarerendako, enpatia ariketa 

Sarek gaur, martitzena, egindako agerraldian adierazi du euskal presoen kolektiboak emandako urratsa "enpatia ariketa sendo" gisa ulertu dutela, "elkarbizitzaren bidean ekarpen garrantzitsua" dela baloratuz. Gaineratu dute, arduraz eta enpatiaz jokatzea guztien ardura dela: "Guztioi dagokigula oreka hori ahalbidetzea eta guztion esku dagoela aurrera urratsak ematen jarraitzea". Eta gaineratu dute beste pauso batzuk ere ikusi gurako lituzketela: "Espero nahi genuke elkarbizitzan aurrera egiteko borondate hori egun euskal presoei eta senideei horrenbeste min egiten dien salbuespeneko espetxe politika hau indarrean mantentzen duten horiengan ere islatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak