EAJko presidente Andoni Ortuzarrek adierazi zuen "pandemiatik irtetean herrialdea gidatzeko prest" dagoela, eta hainbat konpromiso iragarri zituen "planetaren iraunkortasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna edo erronka demografikoa bezalako erronka atzeraezinei aurre egiteko". Gainera, Ortuzarrek argi utzi gura izan zuen EAJk Madrilen "eragina" izaten jarraitzen duela: "Madrilen dugun eragina galtzen gabiltzala diote; hori nahiko lukete batzuek. Ikusiko duzue".
Herritarrak entzuteko prozesua
Batzar Nagusian Gaurko egoeraren diagnostikoa, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko izeneko agiria aurkeztu zuten, datozen hilabeteetan jeltzaleek abiarazi nahi duten "entzute aktiboko" prozesuaren oinarri izango dena. Entzute prozesu horren leloa Entzunez eraiki izango da eta helburua EAJ "gizartearekin berriro ere konektatzea", Xabier Barandiaranek azaldu zuenez: "Gizartearekin harremana izateko eta herritarrei entzuteko prozesu bat izango da". Prozesu hori urtarrilean abiatuko dutela jakinarazi zuten, eta zortzi hilabete iraungo duela. Euskal Herriko lurralde osoan egingo dute, eta herrietan ere antolatuko dira saioak. Batez ere, lau gairen gaineko ekarpenak jaso gura dituzte: ongizate gizartea, lana eta ekonomia, 2030 Agenda eta jasangarritasuna, eta gobernantza eta demokrazian sakontzea.
Bidelagunak ekimena
Era berean, alderdikide izan gabe alderdiarekin harremana izateko modu berri bat sortu dute: Bidelagunak. "Harreman zuzena" izango dute horiek nahiz eta militanteak ez izan. Horretarako, Zukesan izeneko aplikazioa erabiliko dute; burukide jeltzaleekin zuzenean berba egin ahal izango dute horren bidez, informazioa jaso ere bai, eta inkestetan parte hartu.