COVID-19ak eragindako galerak apaltzeko, dirulaguntza puntual bat adostea eskatu du Tokikomek

Eneko Azkarate Laspiur 2021ko aza. 25a, 15:32

COVID-19ak eragindako galerak apaltzeko, dirulaguntza puntual bat adostea eskatu dute Tokikomen batzen diren euskarazko tokiko hedabideek, tartean Goiena Komunikazio Taldeak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak asteon iragarri du 5 milioi euroko dirulaguntza jasoko dutela Euskal Autonomia Erkidegoko egunkariek eta hainbat irratik.

Dirulaguntza horretatik kanpo geratu dira tokiko hedabideak, aldizkari orokorrak, espezializatuak edota digitalak. "Albisteak egoneza sortu du, inon ez baita azaldu zeren arabera eman zaizkien laguntza horiek hedabide batzuei, eta beste batzuei ez" adierazi du, ohar bidez, Tokikom elkartearen Administrazio Kontseiluak. Tokikomek eskatu du mahai batean jartzea eta "dirurik jaso ez dutenen hedabideendako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea". Era berean, baldintza berberetan dirulaguntza puntual bat adostea.

Hedabide "guzti-guztiak" laguntzea

Tokikomek dio dirulaguntzak hedabideei emateak "hizkuntza politika gainditzen" duela eta ondo irizten diola, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak; "horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan". Hedabideen kasuan, gainera, beharrezko direla "editorial ezberdinak" dituzten hedabideak, "behar ditu demokrazia sano batek". Hala ere, dio, momentuz, COVID-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri dela dirua, eta, demokrazia sendo batek eskatzen duela "hedabide guzti-guztiak" laguntzea. "COVID-19ak hedabide guztioi eragin digu" dio Tokikomek.

Ez publizitate, ez diru

Bestalde, gogoratu du pandemiaren sasoirik zailena zen momentuan ere, "mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak" zabaldu dituztela tokiko hedabideek ere, "kazetaritza egin eta zerbitzua emanez". 200 profesional baino gehiagok eman zuten zerbitzu esentzial hori eta irismena handia izan dela dio Tokikomek: "trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino Tokikomeko hedabide digitaletan", esaterako. 

Eusko Jaurlaritzak pandemian egindako publizitate kanpainak eta publizitatea ia osotasunean egunerokoetara bideratu dela ere gogoratu du Tokikomek. Eta zera gehitu: "Espero dugu publizitatearekin ez bezala, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela". Horregatik eskatu dio Eusko Jaurlaritzari mahai baten bueltan eseri eta 5 milioi euroko dirulaguntza horretatik kanpo geratu diren hedabideak ere diruz laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak