Elkartasun keinuak Sultana Jaya aktibista sahararraren egoera salatzeko

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 25a, 11:26

Sultana Jaya aktibista sahararraren aldeko Arrasateko elkarretaratzeko une bat.

2020ko azaroaren 19an Saharara itzultzen ari zela atxilotua izan zenetik, etxean preso dute Sultana Jaya aktibista sahararra Marokoko indar polizialek. 371 egun hauetan torturatuak, bortxatuak, kolpatuak eta baldintza zaurgarrietan bizitzera behartuak izan direla salatu dute berak zein bere familiak. Egoera ezagutzera emateko eta erakundeak "beste alde batera begiratzen" ari direla salatzeko elkarretaratzea egin zen Arrasaten.

"Zergatik begiratzen dute erakundeek beste alde batera?". Hori da, hain zuzen, Arrasateko Biteri Plazan egin zuten elkarretaratzera hurbildu ziren herritarrek egiten duten galdera. Sultana Jaya aktibista sahararraren egoera salatzeko eta erakundeei gaian esku-hartzea eskatzeko deitu zuten mobilizazioa.

2020ko azaroaren 13an "Marokoko indar polizialek su-etena hautsi zutenean", familiarengana itzultzea erabaki zuen Jayak. Sei egun geroago hasi zen trantzea, Sahara mendebaldeko Bojador hiriko sarreran marokoarrek jarrita zuten polizia kontrol batean. "Kolpeak eta sexu jazarpenak" jaso ostean, etxean egotera behartu zuten familia osoa. 371 egun igaro diren honetan, egoera berean jarraitzen dute.

Giza eskubideen urraketak

Geroztik, giza eskubideen hainbat urraketa jasan dituztela salatu dute Jayak berak zein giza eskubideen alde lanean diharduten hainbat erakundek. Bortxatuak, kolpatuak eta baldintza zaurgarrietan bizitzera behartuak izan dira; arreba bortxatu izana, jasotako harrikaden ondorioz ia begi bat galdu izana, elektrizitatea moztu izana edota etxea substantzia toxikoz kutsatu izana salatu du, besteak beste, aktibista sahararrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak