Gaur aurkeztu dute Debagoienean Atzegiren 2021eko sentsibilizazio kanpaina. Duela 20 urte sortutako Atzegizale figuraren balioa indartu nahi du aurten adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, eta Bergarako Udaleko areto nagusian adierazi bezala, "herritar hauekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonei errekonozimendua egitea eta sarea handitzen jarraitzea" da xedea. Atzegiko kideez gain, bailarako hainbat eragile eta udal ordezkari izan dira aurkezpenean; besteak beste, Gorka Artola, Maria Ubarretxena, Unai Elkoro, Beñardo Kortabarria eta Iraitz Lazkano, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Antzuola eta Elgetako alkateak, hurrenez hurren, baita Oñati zein Eskoriatzako gizarte zerbitzuetako ordezkariak ere.
Geroz eta gehiago gara, eta nonahi gaude lelopean, "eragin handia duten keinu txikietan" jarri nahi izan dute enfasia. Izan ere, Atzegizaleek desgaitasun intelektuala duten pertsonak "diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete" elkartearen hitzetan.
Kontzeptua ulertzen laguntzeko, hainbat euskarri sortu ditu Atzegik; tartean, ondoko ikus-entzunezkoa.
Atzegi, datutan
Egun, 2.068 familiak osatzen dute Atzegi, eta horietatik 171 dira bailarakoak. Gipuzkoa osoan barrena dauden 2.494 kolaboratzaileez gain, 10.544 Atzegizale dituzte identifikatuta elkarteko kideek. Bailaran, esaterako, 871 dira balioetsi eta indartu nahi den rol hau jokatzen duten herritarrak. "Zenbaitek uste dute boluntarioa izatea edo Atzegiko jardueretan parte hartzea dela Atzegizale izatea", adierazi dute elkarteko arduradunek, baina ez da horrela.
60. urteurrena
2020an bete zituen Atzegik 60 urte, baina ezin izan zituzten aurreikusitako ospakizun ekitaldiak egin. Hala ere, "60+1a ospatzea erabaki dugu, abenduaren 20an Kursaalean egingo den ekitaldi batekin". Iraganera, eta batez ere, etorkizunera begira jartzeko balioko du Donostiako zitak, datozen urteetako lan-ildoak zehazteko egindako hausnarketa estrategikoko ondorioak partekatzeko ere baliatuko baitute ekitaldia. Bertaratu nahi duten herritarrek bi aukera dituzte gonbidapenak eskatzeko: atzegizale@atzegi.eus helbidera idaztea edo 943 42 39 42 telefonora deitzea.