Osasun larrialdia ezartzea aztertuko du Jaurlaritzak ZIUetako egoerak okerrera egiten badu

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 23a, 18:18

Pandemiaren bilakaerak okerrera egiten jarraitzen duela adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta hori geldiarazteko osasun larrialdia berriro ezartzea aztertuko du Jaurlaritzak, ZIUetako kutsatu kopurua 50era iristen bada. Era berean, eskatu du COVID ziurtagiri digitala ezartzeko lege bat eta maskara derrigorrezkoa izatea kalean.

"Ez goaz ondo", adierazi du Sagarduik Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian eta gorazko joera konfirmatu egin dela azaldu: "Gora kutsatze datuetan; gora intzidentzia-metatuan; gora ospitaleratzeetan; eta gora ZIUetako ohe-okupazioetan". Gaurko datuak ere eman ditu: ospitaleetan, plantan, 176 gaixo daude –joan den astean baino 62 gehiago– eta ZIUetan, 31 –joan den astean baino bat gehiago–. Hala, funtsezkoa dela bilakaera geldiaraztea gaineratu du. 

Osasun larrialdia berrezarri

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia dekretatzea aztertuko du, ZIUen dauden gaixoak 50 baino gehiago badira, eta horri gehitzen bazaio gainerako adierazleen joera negatiboa. Prebentzio neurri zorrotzagoak hartu ahal izango lituzke horrela. Ildo horretatik, dei egin die erakundeei, eragileei eta norbanakoei ekitaldiak edo jarduerak antolatzen dituztenean arauak betetzeko eta betearazteko, "guztion zeregina delako".

Baliabide juridikoak

Bihar, eguaztena, elkartuko da Lurralde Arteko Kontseilua eta han honako eskaerak egingo ditu Osasun sailburuak: kanpoaldean maskara derrigorrezkoa izatea; COVID ziurtagiriaren erabilera arautzea ekitaldi eta establezimendu zehatzetan; txertoaren hirugarren dosia emateko prozesua aurreratzea; eta umeen txertoa bizkortzeko mekanismo guztiak erabiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak