Oihana Jausoro Agirre: "Sexistak diren esamolde eta atsotitz asko ditugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko aza. 22a, 22:07

Oihana Jausoro Agirre, martitzenean, Bergaran.

Martxan da komunikazio ez-sexistari buruzko formakuntza Bergarako Miguel Altuna ikastetxean. Emuneko berdintasun teknikari Oihana Jausorok (Arrasate, 1976) dihardu zeregin horretan, Iraitz Agirre lankidearekin batera.

Martitzenean hasi zen beste bi saio izango dituen ikastaroa. Ze profileko jendea duzue?

Formakuntza herritarrei zuzenduta bazegoen ere, gehienak irakasleak dira. Eskola desberdinetakoak, baina hezkuntzako jendea.

Gaiak gero eta interes handiagoa pizten du. Zergatik, zure ustez?

Esango nuke kontzientzia maila gero eta handiagoa dela. Badira urte batzuk feminismoak eta genero berdintasunaren gaia gehiago ateratzen direla plaza publikora. Hori dela-eta, gehiago hitz egiten dugu gaiaren inguruan.

Hizkuntzaren erabilerarekin lotutako gaiak lantzen dituzue, eta baita ere gorputz adierazpenarekin lotutakoak.

Gorputzarekin ere komunikatzen dugulako. Jaiotzen garenetik rol eta jokabide jakin batzuk ikasten, asimilatzen eta garatzen joaten gara. Generoaren arabera hori asko aldatzen da. Horren inguruan ere hausnarketa egitea oso garrantzitsua da.

Hizkuntza ez-sexistari buruzko gida gero eta gehiago daude.

Gero eta material gehiago dago, eta gero eta hobea da. Hizkuntza ez-sexistaren inguruko gidak ez ezik, hizkuntza inklusiboaren gainekoak ere sortzen joan dira; izan ere, generoa ez da diskriminazioa eragiten duen aldagai bakarra. Egia da, gero, inkoherentziak ere badaudela. Euskaltzaindiak, esaterako, sexuaren arabera bereizten ditu izenak oraindik ere. Izendegiarekin dagoen polemikak hor jarraitzen du.

Sexismoa eta androzentrismoa sarri aipatzen dituzue.

Hizkuntza guztietan gertatzen diren bi fenomeno direlako. Komunikatzen dugu geure buruetan eta geure barruetan dagoena, eta, gizartea sexista eta androzentrista bada, hori islatu egiten da hizkuntza erabileran. Euskarak ez du genero gramatikalik, baina behatu behar dugu zer-nolako erabilerak egiten ditugun. Maskulino generikoa erabiltzen dugu, eta esamolde eta atsotitz asko ditugu androzentristak direnak. Gizona da erdigunea, eta gizon klase bat. Esaterako: "Aitor gizon portatu da" edo "Gonbidatu ditugu zinegotzi guztiak eta haien emazteak". Esaldi androzentristak dira. Konturatu gabe bada ere, asko entzuten dira oraindik.

Nola ezabatzen dira sustraitutako hizkera diskriminatzaileak?

Lehenengo eta behin, identifikatuta, eta hor, barrura begirako hausnarketak daude. Denbora bat eskaini behar zaio. Gero, entrenatzea da. Garrantzitsua da konplizitate sareak eraikitzea elkarren artean laguntzeko. Saihestu beharko genuke, esaterako, emakumeak ikusezin bihurtzea, mespretxuz tratatzea, mendekotasuna islatzen duten estereotipoak erabiltzea... Gorputz komunikazioarekin berdin.

Hedabideek garrantzia dute eredu izateko funtzio horretan.

Hedabideetan, nire ustez, asko landu da gaia, eragin ahalmenaz kontzientzia maila handia dagoelako. Egia da lerroburuetan, batzuetan, ikusten dela zer hobetu, baina iruditegian garbi ikusten da lanketa egin dela. Kezkagarriagoa da egoera publizitatearen esparruan. Perfumeen salmentako publizitateak, esaterako, oso agresiboak eta sexistak dira. Jostailuen salmentako publizitatean, beste hainbeste. Gehiago saltzen da horrela? Kontsumitzaileok koherentziaz jokatu beharko genuke. Ez erosi, eta, gainera, salatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak