Beñat Zalduak eta 'Basilika' podcastak Rikardo Arregi sariak jaso dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2021ko aza. 20a, 11:53

Maider Lainez Andoaingo alkatea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Polikako sailburu Bingen Zupiria, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien irabazleekin. Argazkia: Bastero kulturgunea

Andoaingo Bastero kulturgunean jakinarazi ziren, atzo, egubakoitza, aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren irabazleak. Beñat Zalduak irabazi du Kazetaritza saria Nola iritsi gara honaino artikula sortagatik, eta Basilika podcastak irabazi du Komunikazio saria.

Epaimahaiak azaro hasieran zortzi finalista izendatu zituen aurtengo sarirako. Kazetaritza Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Berria egunkarian argitaratutako Ahomentan elkarrizketen seriea, Zaballako espetxetik egindako Faktoria saioa (Euskadi Irratia), eta Urtzi Urrutikoetxeak idazten duen Leku-Lekutan izeneko atala (Berria). Komunikazio Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Oier Aranzabalen Barruan gaude podcast-a, 3000twitz kolektiboa eta Pantailak euskaraz egitasmoa.

Aurtengo sari banaketa ekitaldiak gogoan izan du Martin Ugalde bere jaiotzaren mendeurrenean. Martin Ugalderen lana aitortu eta eskertzeko ere baliatu da, beraz, RAKSen XXXIII. Edizioko sari banaketa ekitaldia. Ekitaldiak izan ditu gozamenerako aukera ezberdinak, besteak beste, Mikel Moreno abeslari andoaindarra berriro ere taula gainean ikusteko aukera izan da. Bidelagun izan du Anne Lukin abeslari eta konposatzaile iruñarra. Susana Cencillo soinujolearen melodiak dantzatzeko aukera izan dute Urki eta Oinkari dantza taldeek.

Ekitaldiaren gidaritza Laida Basurto kazetariak egin du, eta hitza hartu dute Andoaingo alkate Maider Lainezek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Polikako sailburu Bingen Zupiriak. Irabazleek ere hitza hartu dute eskerrak emateko. Bertan izan dira, aurtengo RAKSeko zortzi finalistak, hainbat erakundetako ordezkariak, Kazetaritza Elkargoaren buruzagiak eta euskalgintzako eragile ugari.

Finalisten artean sarituak aukeratzeko ardura epaimahaiak izan du, eta Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi ahalduna izan da mahaiburu. Harekin batera mahaikide izan dira: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko Huheziko irakaslea eta komunikazioan aditua ), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua) eta idazkari lanetan, Patxi Baztarrika eta Arantza Aguado, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

'Basilika' proiektuko Jone Uriarte arrasatearra saritua

Basilika podcasting espazio bat da, honako interesetik abiatzen dena: pentsamendu konparatuan, hausnarketa kritikoan eta gaur egungo kultur ekoizpenaren forma desberdinen gaurkotasun-harremanetan arakatzea. Donostian eta Bilbon oinarrituta, kezka-talde heterogeneoa (artistak, idazleak, programatzaileak, zinegileak) eta egiteko moduak biltzen ditu, kultur dimentsioko podcast-programa espezifikoak eta aldizkakoak ekoizteko.

Jone Uriarte arrasatearra da Basilika proiektuko kideetako bat, eta pozik agertu da sariarekin: "Oso pozik gaude sariarekin. Izan ere, ez genuen espero. Nahiko ibilbide laburra dugu Basilika proiektuarekin, duela urtebete hasi ginen-eta. Basilika da podcastgintza espazio koral bat da, eta kolektiboki sortu den proiektua da. Hamar pertsona gaude Basilikan, eta sei programa ditugu. Programa guztiak kulturgintza sortzeko, pentsatzeko eta hausnartzeko dira. Literatura, arte biziak, ikusizko arteak, arte garaikidea eta zinema dira, batez ere, lantzen ditugun gaiak. Gure helburua, kultura, perspektiba kritiko batetik lantzea zen, eta edukiak sortzeko garaian, hausnarketarako tarte bat uztea, eta edukiak sakontzeko aukerarekin egitea. Sarritan eduki kulturalak superfizialki ikusten ditugu, eta uste genuen podcastak ematen zigula aukera bat, pixka bat gehiago sakontzeko sorkuntza artistiko eta kulturalean".

Epaimahaiaren arrazoiak

Bi saridunak izendatzeko epaimahaiak nabarmendu eta ezagutzera eman dituen arrazoiak, hitzez hitz:

Beñat Zalduak idatzitako Nola iritsi gara honaino seriea

Gara egunkarian agerturiko artikulu sorta bat da Beñat Zalduari dagokion proposamena. Pandemiaren eta birusen inguruko xehetasun historiko eta literarioak ekartzen dizkio irakurleari, aldi batetik bestera, irakurlearen arreta bereganatzea eta luzeran atxikitzea lortuz. Denboran barna egindako bidaia batera deitzen gaitu, eritasunak kudeatze alorrean nondik gatozen ikas eta jakin dezagun. Koronabirusaren krisia klima aldaketarekin eta beste zenbait gertaerarekin lotzen ditu Zalduak, haren zergatietan sakonduz. Urte hasieran argitaraturiko sorta, guztira, zortzi artikuluz osatuta dago. Epaimahaiaren iritziz historia humano baten dibulgazio saio indartsua da, aberatsa, zorrotza eta irakurtzeko erakargarria, artikulua idazteko garaian irakurlea gaiaren mamira nola erakarri aintzakotzat izan duena, ahaztu gabe ere Iker Morenoren Ilustrazioek argitaratutakoari ematen dioten originaltasuna eta exotismoa.

Basilika podcasta

Diziplina anitz elkartzen duen Basilika kultur ekimenak sortua da podcasta, hausnarketa kritikoa bultzatzeko xedez. Literaturaren eta arte garaikidearen arlo ezberdinak jorratzen ditu podcast berri honek. Hilabetean behin lauzpabost saio plazaratzen dituzte. Gogoetara eramaten gaituzte. Sakoneta, Zeelanda Berria, Phoenix Raggazza eta Sector Conflictivo dira oraingoz egindako saioak. Orain arte, gai hauek aztertu eta eztabaidatu dituzte: Onespena eta abusua, Moderno izatea zen den eta kultur kritikaren arazoa, besteak beste. Arte mailan aldiz, EH-ko museoetan ikusten ahal diren erakusketa originalak aipatzen dituzte, artistak zein mugimendu artistikoak ere bai... Interes handiko gaiak dira, orokorrean. Sortzaileek adierazi dutenez "pentsamendu konparatuan, hausnarketa kritikoan eta gaur egungo kultur ekoizpenaren forma desberdinen gaurkotasun-harremanetan arakatzea" da asmoa. Literaturak jendartea edo gizartea islatzen duela sinesten dutenentzat ezinbestekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak