Ikusle Kluba, euskal antzezlanak zukutzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko aza. 20a, 08:55

Andoni Mutiloa 'Esnatu naiz' kabaretean.

Euskal Herriko antzerkizale Elkarteak (EHAZE) abiatu berri duen egitasmoarekin,  "publikoa antzerkiarekin harremantzeko" bide berriak esploratu gura dituzte,  publikoaren hausnarketa kitzikatuta hausnarketarako ikasgaiak lortzeko asmoz.

EHAZEk proposatutako proiektua da, euskal antzerkigintzaren geografia zabalean lanean ari diren askotariko eragileekin elkarlanean, eta horien artean dago DAP (Debagoieneko Antzerki Plataforma). "Euskarazko antzerki ikusleendako proposamena da, herri askotan dauden irakurketa kluben antzerako ezaugarriak dituena. Antzezlana ikusi aurretik elkartuko gara, lanari buruz ditugun aurreiritziak eta bestelakoak partekatzeko, eta antzezlana ikusi ondoren berriz batuko gara, ikusitako lanari zukua ateratzeko. Antzerkia ikusi osteko solasaldi horiek formatu ezberdinetakoak egitea da gure asmoa: aukera dugunean, antzezlaneko protagonistak gonbidatuko ditugu, eta, beste batzuetan, antzokiaren atzeko aldea eta atzeko lanak bertatik bertara ikusteko aukera izaten saiatuko gara", azaldu du DAPeko kide Olatz Pagaldai aktoreak.

'Erreminta-kutxa'

Ikusle Klubaren helburu nagusia euskal antzerkigintzaren inguruan gogoeta publikoa bultzatzeko dispositibo berriak garatzea da. "Irakurketa Klubeko saioetan antzezlanei buruz egindako solasaldi horietatik hausnarketa eta bestelako materiala sortuko da, eta material hori gero eskuragarri izango da ikastetxeetan zein beste hainbat gunetan, askotariko gaiak lantzeko erabili ahal izateko. EHAZEren webgunean izango da sortutako material hori guztiontzako eskuragarri, Erreminta-kutxa izenarekin batuta. Euskal Herri osora zabaldutako ekimena denez, poliki-poliki guztion artean iritziak eta bestelako hausnarketak bilduta, euskal antzerkigintzari buruzko material mardula eta interesgarria osatuko dugu".

Euskarazko antzerki programazioari ikusgarritasuna eta babesa ematea ere bada Ikusle Klubaren helburua. "Euskal antzerkigintzan loratzen ari den aniztasuna ikusgarri egin nahi dugu, eta antzerkigintzaren alor ezberdinetan ari diren partaideen saretzea eta lan egiteko tresnak partekatzea ere bada, beste hainbat helbururen artean".

Debagoienean, laster bi saio

Tokian toki programatutako antzezlanen artean aukeraketa bat egin eta horiek ikusteko proposamena egingo diete ekimeneko bultzatzaileek ikusleei. "Udalek edo bestelako erakunde eta eragileek antolatutako emanaldiak aintzat hartuta, oraingoz, bi proposamen egingo ditugu: abenduaren 3an, Oñatiko Santa Ana aretoan Formol taldearen Album lana izango da; eta abenduaren 4an, Bergarako Seminarixoan Andoni Mutiloak Esnatu naiz kabareta eskainiko du".

Aztertu edo zukutu nahi den antzezlanen aukeraketa hori egiteko askotariko irizpideak hartuko dituztela kontuan dio Pagaldaik: "Biek ala biek pil-pilean dauden gaiak jorratzen dituzte: Album-ek nerabezaroaz dihardu, gazteek gizarteari buruz duten jarrera erakusten du; eta nortasuna, generoa eta sexu-joerak ditu oinarri Mutiloaren kabaretak. Gidari lanetan ari garenok –bailaran DAPeko kideak– ez ditugu antzezlan guztiak aurrez ikusita, eta ez da txarra hori, gu geu ere ikusle xumearen rolean izango garelako".

Izen-ematea, DAPen

Ikusle Klubean parte hartzeko ez dute profil zehatzik eskatzen edo mugatzen. "Ez da antzerkian aditua izan behar, antzerkia gustukoa izatea nahikoa da. Antzokira joateko lagunak aurkituko dituzue bertan. Ikusle Klubean parte hartu gura baduzue, edo informazioa eskatzeko, idatzi dantzerkiplat@gmail.com helbidera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak