Antton Tomasena, Errekako gerentea: "Pertsonak eta talentua epizentroan izaten jarraituko dugu"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko aza. 19a, 12:26

Debagoienean Antzuolan eta Bergaran kokatuta, 60 urte dira lau ekintzaile gaztek gaur egun Erreka kooperatiba dena martxan jarri zutela. "Berrikuntza plataforma ireki, arin eta malgu bihurtzeko helburua" dutela dio Antton Tomasena gerenteak.

Hemendik kanpo, Txekiar Errepublikan, Mexikon eta Txinan ere baditu egoitzak Errekak: 450 langiletik gora, 3.000 bezero eta salmentak 50 herrialdetan; fakturazioa, 60 milioi euro. Betetako urteak ere, 60; eta gaur zortzirako dute iragarrita ospakizuna: Mondragon Taldeko zein kooperatibako arduradunen hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, langileen arteko lehiaketa –jolasean–, musika eta jan-edana.

60. urtemugarekin batera, 2021- 2024 aldirako plan estrategiko berria martxan du Errekak; honela definitzen du Antton Tomasena gerenteak: "Bost ardatz estrategiko ditu: dibertsifikazioa, berrikuntza irekia, internazionalizazioa, digitalizazioa eta hazkunde jasangarria. Bioteknologia, silver economy delakoa [50 urtetik gorako pertsonen beharrak asetzera bideratutako aktibitatea], sarbideen kudeaketa, mugikortasuna eta aeronautika sektoreak izango dira dibertsifikazio planaren ardatzak. Plan berriak pertsonak eta talentua epizentroan izaten jarraituko du, Erreka berrikuntza plataforma ireki, arin eta malgu bihurtzeko helburuarekin".

Koronabirusarekin eta bestelako faktoreekin gaur egungo panoramak dituen zailtasunak zailtasun, Errekako arduradunek uste dute gai izango direla, lehenago egin zuten bezala, eraldatuz eta egokituz aurrera egiteko: "Kultura kooperatiboaren barruan, Errekako kolektiboa eraldaketaren kontzeptua azkar barneratzen ari da".

Bilakaera

1961ean, torlojugintzan hasi ziren Lucio Agirrezabal, Inaxio Aristi, Julian Alberdi eta Asensio Azkarate gazte ekintzaileak, Bergarako Masterreka kalean. Plastikora ere jauzi egin eta takoiak eta zapatentzako tapak egiten hasi ziren 1968an. 1982an, berriz, automatismoen negozioarekin hasi ziren –ateak,...–.

Enpresa proiektua abiarazi zuten lauren artean, Azkarate bizi da gaur egun. Urtemugako ekitaldian emango duten ikus-entzunezkorako hainbat pasarte eta gogoeta grabatu zizkioten: "Antzuolan, Zurrategiak egon ziren garaian bazen mugimendu apur bat lan kontuan, baina haiek itxi zirenean ez zen han ezertxo ere geratu. Jendeak irten egin behar zuen herritik: Soraluzera, Eibarrera, Zumarragara, Bergarara... Kooperatibak sortzen hasi ziren orduan; Arizmendiarrieta, Ulgor, Fagor... Antzuolan ere Goizper hasi zen, lehenengo kooperatiba. Guk ez genuen ezagupen handi-handirik, baina geure gauza haiek egiten bagenekien, eta esan genuen: 'Zergatik ez dugu kooperatiba bat sortu eta egoera apur bat hobetzen laguntzen?".

Gaur egun Erreka zer den ikusita, harro dago: "Ez nuen uste tamaina hau hartuko zuenik; eta izugarri pozten naiz. Niretzat bi gauza egon dira beste gauza denen gainetik: familia eta Erreka; oraingoz, behintzat, biak ondo doaz!". Eta langileei diotse har dezatela enpresa eurena den modura: "Eurena da, izan ere. Zeuena da!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak