Debagoienean bizi diren senegaldarren, Dionewarreko biztanleen (Senegal) eta debagoiendarren arteko elkar ezagutza, kulturartekotasuna eta lankidetza bultzatzeko ekintzak ditu helburu Elkarbizitza eta Elkartasun programak. 2018tik dihardute elkarlanean Ceed Sangomar eta Ndank Ndank elkarteak, eta, proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa jaso du.
Migrazioari buruzko hausnarketarako ekintzak ere sustatuko dituzte datozen egunotan. Testuinguru horretan, bi zine forum egingo dituzte Bergaran. Azaroaren 19an, 18.00tan, Binta y la gran idea film laburra proiektatuko da Irizar jauregian; eta, abenduaren 2an, Origen, 18.00tan.
"Horrelako proiektu baten baitan izango ez balitz, oso zaila izango lukete era honetako bidaia bat egitea"
Ndank Ndank-tik nabarmendu dute lau gazteentzat "esperientzia ikaragarria" izango dela. Izan ere, "horrelako proiektu baten baitan izango ez balitz, oso zaila izango lukete era honetako bidaia bat egitea. Europara bisa lortzeko tramitazioa oso konplexua da".
Abenduaren 4an amaituko da bidaia gazteendako. Esperientzia aberasgarriz betetako motxilarekin bueltatzea da elkartearen nahia, ondoren, Dionewarren "beraien hausnarketak gainontzeko gazteekin konpartitzeko".
Hamazazpi eguneko bisita
Azaroaren 18an etorriko diren gazteek esparru ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute, Ndank Ndank elkarteak antolaturiko plangintza zabalari esker.
Euskal kulturaren berri izan dezaten, askotariko ekintzak antolatu ditu elkarteak, hainbat erakunderekin elkarlanean: aizkolari txapelketa nagusia, euskal dantza, esku pilota, erraldoi taldeari bista eta Ttakun elkartearekin txalaparta tailerra. Baserri eremua ere ezagutuko dute gazteek.
Gainera, Pasaiako Albaolara ere joango dira euskal ontziola eta arrantza ezagutu dezaten, eta, era berean, Senegaleko arrantza egoeraz elkarrekin hausnartzeko. Pasaiara bisita aprobetxatuz, Oinherri proiektua ezagutuko dute.
Euskal Herriko lan munduaren errealitatea ezagutzeko bisita ezberdinak egingo dituzte. Hasteko, Oñatin bi esparru ezagutuko dituzte; batetik Elkarzabal elkartearen ortu proiektua, eta bestetik, Fagor Professional kooperatiba. Horrez gain, Fatou Diang gazte senegaldarrak Bilbon zabaldu duen Ker Fatou dendara ere egingo dute bisita. Bergarako Aspace zentrora ere joango dira, eta herrian bizi diren aniztasun funtzionala duten bi gazte senegaldarrekin elkartuko dira bertan. Gainera, elikagai bankuan ere arituko dira boluntario gisa goiz batez.
Azkenik, hezkuntza entitate desberdinekin ere elkartrukeak izateko aukera izango dute gazteek. Alde batetik, Mondragon Unibertsiteko Galarretako ekoteknologiako ikasle zein irakasleekin bi programa burutuko dituzte. Galarretako ikasleak plastikoa txikitzeko eta eraldatzeko makinak sortzen ari dira, Dionewarrera eramateko. Makina hauek erakutsiko dizkiete, baita ordenagailuko hainbat software erabiltzen irakatsi ere. Gainera, Eureka zientzia museora, Basque Culinary Centerrera eta Bergarako Miguel Altuna Institutura ere joango dira.
2021ean zehar ekintza ugari egin dituzte
Askotarikoak izan dira programaren baitan egindako eta egingo dituzten ekintzak, hainbat ikasleekin. Bailarako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan lanketa desberdinak egin dituzte. Horrez gain, Kulturartekotasuna modan proiektua zabaldu zuten maiatzean, eta, Mondragon Unibertsitateko ikus entzunezko ikasleekin elkarlanean sortu zen Teranga dokumentalaren proiekzioa eskaini zuten ekainean.