'Adin adin' ekimenarekin bertso saioak itzuliko dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetara

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 15a, 17:05

Bertsoa ardatz eta adineko pertsonen gaitasuna sustatzea helburu, Adin-adin ekimenaren seigarren edizioa jarri dute martxan Lankuk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azaroaren 16tik abenduaren 2ra bitarte, 15 saio egingo dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan; tartean, Bergaran (11/17), Arrasaten (11/19) eta Aretxabaletan (12/01).

"Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie", adierazi dute prentsa ohar bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk. Eta adineko pertsonen gaitasunak sustatzea da, hain zuzen, Adin-adin ekimenaren helburua. Azaroaren 16tik abenduaren 2ra bitarte, Gipuzkoako 15 herritako adinekoen egoitzetan bertso saioak egingo dira: "Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetan izan duen harrera ona ikusita eta balorazio positiboak oinarri harturik, aurten 15 egoitzetara iritsiko gara".

Eskualde bereko eta belaunaldi ezberdineko bi bertsolari ariko dira saio bakoitzean, baina ez dira hutsetik abiatuko. Izan ere, ekimenaren oinarri diren bertso saioak aurrez prestatzen dituzte egoitzetako dinamizatzaileek egoilarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak landuz. Lanketa hauen bidez "parte-hartzea sustatzen eta harremanak hobetzen" direla adierazi dute antolatzaileek, ahozkotasunak duen potentzial "terapeutikoari zein ludikoari" probetxua ateraz.

Hiru saio bailaran

Bihar bertan emango diote hasiera bertso saioei Oihana Iguaran eta Sebastian Lizasok Tolosako Uzturre egoitzan, eta abenduaren 2an Zumaian Jon Maiak eta Amaia Agirrek zikloa itxi bitarte, ekimenak apenas izango du etenik. 15 saioen artean, ondoko hiruak izango dira Debagoienean:

  • Bergara: Mizpirualde egoitza (azaroak 17, asteazkena) - Bertsolariak: Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña
  • Arrasate: Iturbide egoitza (azaroak 19, ostirala) - Bertsolariak: Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano
  • Aretxabaleta: Debagoiena egoitza (abenduak 1, asteazkena) - Bertsolariak: Haizea Arana eta Sebastian Lizaso

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak