Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa lelopean, urriaren 18an jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Arrisku-taldeetako eta 70 urtetik gorako herritarrak izan dira ziztada jasotzen lehenak. Osakidetzak emandako datuen arabera, 287.500 dosi baino gehiago eman dira; %82a 65 urtetik gorakoei. Horrez gain, eta gripearen aurkako txertoa jaso duten 70 urtetik gorako herritarren artean, %35ak COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia ere hartu du.
Urrian adierazi bezala, eta inmunitate kolektibo handiagoa lortu asmoz, gaurtik aurrera hala nahi duten herritar guztiek izango dute txertoa hartzeko aukera. Gaur-gaurkoz, eskuragai dituzten txerto guztien %44a jarri da soilik, eta eskaria handia bada, eskuratu dituzten 651.333 dosiak %20an handitzeko aukera dutela adierazi du Osasun Sailak.
Hitzordua hartzeko
Bi bide dute herritarrek Osakidetzarekin harremanetan jarri eta txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko; alde batetik, Osakidetzaren webgunearen bidez, eta bestetik, ohiko osasun zentrora deituta. "Telefono-lineak osasun-asistentziarako libre uzteko", baina, lehen aukera hobesteko eskatu diete Osasun Sailekoek herritarrei.