Pertsona zaurgarrienen osasuna zaintzea helburu, gripearen aurkako txertaketa kanpainari ekin dio gaur Osakidetzak. Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa lelopean, arrisku taldeetako kideek dute txertoa hartzeko lehentasuna. Zehazki, hauek dira gaurtik aurrera zita eskatzeko aukera duten herritarrak:
- 65 urte edo gehiagoko pertsonak
- Patologia kronikoren bat duten pertsonak (biriketakoak, bihotzekoak, diabetesa…)
- Haurdun dauden emakumeak
- Osasun-arloko profesionalak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak
- Zaharren egoitzetan bizi diren pertsonak (kolektibo horri aste honetan bertan hasi zaio jartzen txertoa)
Osakidetzak 651.333 dosi eskuratu ditu guztira, iaz jarritako 595.084 txertoak baino ia %10 gehiago; eskaera handia bada, txerto gehiago eskuratzeko aukera ere badutela jakinarazi dute osasun arduradunek. Izan ere, lau astez zita hartzeko aukera pertsona zaurgarrienek soilik izan arren, azaroaren 15ean biztanleria osoarentzat irekiko da gripearen aurkako txertaketa kanpaina.
Bi aukera zita hartzeko
Bi bide dute herritarrek Osakidetzarekin harremanetan jarri eta txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko. Alde batetik, Osakidetzaren webgunearen bidez, eta bestetik, ohiko osasun zentrora deituta.
COVID txertoaren hirugarren dosia
Eta gripearen aurkako txertoa jasotzearekin batera, COVID-19aren aurkako hirugarren dosia hartzeko aukera ere egongo da. Bi baldintza bete beharko dira horretarako: 70 urte edo gehiago izatea eta COVID-19aren aurkako txertoa duela 6 hilabete baino gehiago jaso izana. Kasu hauetan, beso banatan jarriko dira txertoak.