Gipuzkoako bost enpresetan gauzatu dute proiektua: JMA Alejandro Altunan, Abantail-en, Krean-en, Kendu Retail-en eta Cadinox-en. Gaur partekatu dituzte proiektu esperimentalaren emaitzak. Proiektu horren helburua da erreferentzia-esparru bat garatu eta hedatzea Gipuzkoako sare ekonomikoan gaurko eta biharko kudeaketarako edo kudeaketa dualerako, katalizatzaile gisa jardunez enpresen eraldaketa aktibatzeko, agertoki pospandemikoan.
Proiektuak finkatu nahi du kudeaketa-eredu bat, uztartuko dituena epe laburreko eraginkortasuna eta epe luzeko balio-sorrera, konponbide jakin batzuk esperimentatuz. Foru erakundeak ez ezik, sustatzailea baita bera, beste hauek ere parte hartu dute ekimenean: ADEGI, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta ISEA S. Koop. kooperatiba.
Lehiakortasuna hobetzera bideratua
Ekimen horrek jarraipena izango du, aurreikusten baita proiektu pilotuen beste txanda bat egitea enpresetan, eta, gainera, enpresa-ehunaren eta garapen agentzien eskura jartzea lortutako ezagutza eta metodologia. Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak adierazi du, proiektuak eragin “positiboa” izango duela enpresetan, “haien erresilientziaren eta lehiakortasunaren onerako” izango delako, baina baita parte hartzen duten unibertsitateetan ere, “lortutako ezagutza ikasleen konpetentzietan txertatu” ahal izango baitute, eta Foru Aldundian bertan ere bai, “aukera emango baitigu gure estrategia eta lan programak ekonomia indartzera bideratzeko”.
Diputatuak azaldu duenez, “enpresa asko, hain daude zentratuta egunerokotasunean, hau da, beren biziraupenean, ezen zailtasunak baitituzte epe luzeari erantzuteko, aurrea hartzeko, eta negozio aukera berriak esploratzeko, horiei esker jarduera dibertsifikatuta. Joera hori erabat ulergarria da, baina higatzen ditu haien lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna. Proiektu honen bidez, eskura jarri nahi diegu metodologia bat, zeinari esker uztartuko baitituzte, alde batetik, ustiapena, egungo beren produktu, merkatu eta negozioei etekina ateraz, eta bestetik, esplorazioa, etorkizuneko aukera berrien bilaketa areagotuz; eta aukera izan dezaten hori dena modu egituratu, sistematiko eta antolatu batean egiteko”.