Etorkizuneko erronkak
Inkestan jasotako erantzunen arabera, Euskal Herriko gazteek etorkizuna honela irudikatzen dute:
- Klima-aldaketak markatzen ditu hemendik 2050era biziko liratekeen eraldaketei buruzko itxaropenak: euskal gazteen erdiek baino gehiagok uste dute desagertu ahal izango liratekeela plastikoak supermerkatuetatik, eta %46k uste du beranduegi izan daitekeela itsasoaren mailaren igoerari aurrea hartzeko, hala balitz, kostaldeko hiriak desagertu ahal izango lirateke.
- Belaunaldi barruko konfiantza handia dago, eta horrek pentsarazten digu belaunaldi horrek boterea lortzen duenean errazago zainduko dela planeta, eta klima-aldaketa moteltzeko beharrezko neurriak hartzea egingarriagoa izango dela.
- Belaunaldi barruko konfiantza handia kuadrillaren pertzepzioan errotuta dago, eta argi dute etorkizunean eta lurraldean kuadrillak elementu garrantzitsu izaten jarraituko duela; %86ak irudikatzen du bere burua, 2050ean, Euskal Herrian bizitzen.
- Beren mugak argi dituzte. Erdiek baino gehiagok esan dute armak eta eskuin muturreko alderdi politikoak debekatuko lituzketela; eta %40k baino gehiagok apustu-etxeak, tabakoa eta prostituzioa eragotziko lituzke.
- Etorkizuneko hiriak parke eta ingurune natural gehiagorekin eta aniztasun handiagoarekin irudikatzen dituzte. Era berean, kale-kontrol eta zaintza gutxiagorekin.
- Borrokarako prest dagoen gazteria da, eta bizi-kalitatea da iraultza egiteko arrazoi nagusia. % 60k baino gehiagok adierazi du merezi duela protesta egitea etxebizitza eta enplegu duina eskuratzeko zailtasunei erantzuteko, argiaren prezioagatik eta —ingurumen-balioekin bat— klima aldaketagatik.
- Ez dute sentitzen adimen artifiziala demokraziarentzat arriskutsua denik. %39k uste du robotizazioak bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duela, baina ez dute espero irakasleak plataforma teknologikoekin ordezka daitezkeenik, eta ez dute begi onez ikusten laneko nagusia robot bat izateko aukera (%13,2).
Lehen premisa horiei jarraiki, The Future Game, bihar zer? ekimenak beste urrats bat eman du, eta 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazte 2050 Esperientzia bizitzera gonbidatu ditu. Identifikatu dituzten erronka horietara nola hurbildu aztertzeko esperimentazio eta ikasketa prozesua izango da eta irekita dago izena emateko aukera. Gazte horiekin batera etorkizuneko kuadrillei buruz ere hausnartu gura dute, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, osasun mentalak ere garrantzia handia izango du.
Azaroaren 19tik abenduaren 19ra 2050 esperientzian parte hartzen duten 100 gazteak diziplinarteko talde bateko kide izango dira. Hauek izango dira esperientziaren osagaietako batzuk:
- Astero elkarrizketak egingo dira Twitch-en, etorkizuneko ahotsak izango diren protagonista batzuekin.
- Hiru ekitaldi presentzial izango dira, ustekabez beteak: BBK Kunan (Bilbo), Badalaben (Orereta) eta azkena EITBren Bilboko egoitzan.
- Discord komunitateak etorkizuneko edukiak izango ditu, gazteen jakin-mina asetzeko.
- Euren ekimena garatzen lagunduko dien eragile-sarea izango dute gertu.