Begoña Zuñiga: "Entrenatzera Bergarara joaten ginen, Arrasaten trena hartuta"

Xabier Urtzelai 2021ko aza. 12a, 19:00

Begoña Zuñiga, Behobian, lasterketako lehen tramuan. Argazkia: Inaxio Esnaola / Hirutxulo Hitza.

Domekan egingo duten Behobia-Donostiako lehenengo irabazlea izan zen Begoña Zuñiga (Abarzuza, 1951). Irunen bizi da aspaldidanik, Behobian, baina 60ko hamarkadako Arrasateko atletismo taldean eman zituen lehen pausoak.

Belaunean duen lesioa gainditzeko protesiaren zain dago Begoña Zuñiga (Abarzuza, 1951), eta ez du baztertzen ebakuntza egiten diotenean ostera ere korrika egiteko zapatilak janztea. Arrasateko harrobitik pasatako atleta esanguratsuenetakoak barruan darama atletismoa, eta badaki domekan sufritu egingo duela Behobia-Donostia lasterketa bide bazterretik jarraitu beharko duelako. Orain ezin du parte hartu, baina hirutan irabazi du bere etxeko atari parean, Behobian, hasten duten lasterketa. Badago zigor handiagorik? Gaztea zela etorri zen Nafarroatik Arrasatera eta hemen sei-zazpi urtez bizi eta gero Irunerako bidea hartu zuen. Baina, ordurako barruan zeraman atletismoaren harra. Hamarkadak pasa dira, baina oraindik ondo gogoan ditu urte haiek. Iturripen eta Agorrosinen egin zituen lehenengo korrikaldiak.

Zelan hasi zinen orduko Juventud Deportiva Mondragonen korrika egiten?

Hamahiru edo hamalau urte izango nituen. Orduko Eskola profesionalean ikasten nuen eta taldea sortzeko emakumezko bila zebiltzan entrenatzaileak etorri ziren klasera. Aukeraketa egin beharra zeukaten eta domekarako lasterketa moduko bat antolatu zuten. Neska koadrila galanta batu ginen han, hasi ginen denak korrika, eta sei azkarrenak aukeratu zituzten. Tartean ni nengoen. 

Akordatzen zara orduko taldekideez?

Fernando Zufiria dut gogoan, eta baita Rosa Mari Otxandiano ere. Otxandiano eta biok izan ginen sei neska haietatik ibilbide luzeena egin genuenak, besteak nekatzen joan zirelako. Baina, aspaldiko kontuak dira horiek.

Non entrenatzen zineten?

Aste barruan Arrasaten ibiltzen ginen, Eskola Profesionalaren parean [Iturripen], baina gogoan dut domeketan trena hartu eta Bergarara joaten ginela entrenatzera, hango futbol zelaiaren [Agorrosinen] bueltan zegoen pistara. Ondo gogoan ditut joan-etorri haiek, baina ez dakit orduko atletismo pistak areazkoak edo zelakoak ziren, ez dut oso gogoan.

Begoña Zuñiga, goian ezkerretik bigarrena, Iturripen (1966). Argazkia: Arrasate Atletiko.

Lanean hasi zinen gero...

Bai, uste dut Ulgor zela lantegiaren izena, eta nahiz eta lanera joan, entrenatzen jarraitzen nuen berdin-berdin, atletismoa oraindik ez nuen seriotasun handiz hartzen. Txapelketak eta halakoak egiten genituen, esaterako, Elgoibarrera joaten ginen lasterketetan parte hartzera, Aretxabaletan egin zuten kros batean ere izan nintzen... Guztira sei edo zazpi urte egingo nituen Arrasaten, eta aitaren lan kontuak tarteko handik Irunera etorri ginen bizi izatera. Baina bai, atletismoko lehenengo urteak Arrasaten egin nituen. 

Zer aurkitu zenuen Irunen?

Atletismoari dagokionez, ezer ere ez! Kar, kar, kar.... Nik uste nuen Frantziarekin mugan egonda atletismo giro handia izango zela Irunen, klub gehiago, txapelketak... Baina ez zegoen ezer. Bila eta bila ibili nintzen, eta Joseba Sarriegirengana joateko gomendatu zidaten, kirol denda bat zuen eta harekin hasi nintzen entrenatzen. Espainiako selekziora ere haren eskutik iritsi nintzen.

Zer da gehien egiten zenuena?

Nik krosak egiten nituen, eta pistan ere ibiltzen nintzen, baina orduan ez zeuden distantziak luzeak. Hala ere, pistan ez nintzen oso ondo moldatzen, ez nintzen atleta azkarra. Nik indarra nuen hanketan, eta krosetan hobeto moldatzen nintzen.

Eta halako batean, 1979an, Behobia-Donostian parte hartzera animatu zintuzten...

Bai, egia esan, orain konturatzen naiz garai hartarako nahiko ausartak ginela, orduan ez zelako batere ohikoa emakumezkoa izan eta korrika egiten ibiltzea. Ni gizonezkoekin ibiltzen nintzen beti, igual 20 lagun joaten ginen entrenatzera, eta ni nintzen emakumezko bakarra. Eta, kuadrila hartatik hainbatek hartu zuen parte lehenengo edizio hartan, eta nik ere sasoi ona neukanez animatu egin nintzen. Gainera, etxe parean hasten zen lasterketa, zelan ez nuen parte hartuko? Guztira sei edo zazpi emakumezko izan ginen lehenengo edizio hartan irteera puntuan, eta nik irabazi nuen. 

Begoña Zuñiga –ezkerrean– eta Belen Azpeitia, Donostiako kaleetan korrika. Argazkia: Kutxateka.

Guztira hiru edizio irabazi zenituen.

Bai, baina irabazi nituen horietan baino gehiago sufritu nuen beste batzuetan. Gogoan dut bigarren sailkatu nintzen edizio baten, ez dakit ze urte izango zen, zelan sufritu nuen... Maria Luisa Irizarren atzetik helmugaratu nintzen eta sekulako erritmoan joan ginen. Irizarrek ze erraz egiten zuen korrika... Horren gorputz txikia zeukan hegan egiten zuela. Orduan egin nuen nire markarik onena [1.16]. Lasterketa irabazi nuen urteetan ez nintzen horren azkar ibili [1979an, 1.21.01; 1981ean, 1.27.10; eta 1987an, 1.19.40]   

Domekan, sufritu egingo duzu lasterketa ikusten?

Ez izan zalantzarik! Inbidia galanta pasako dut, gustura hartuko nuke parte, nahiz eta 70 urte bete ditudan jada. Aurrekoan Radio Euskadin elkarrizketa egin zidaten beste atleta batzuekin batera, eta konprometitu nintzen nirekin mahaiaren bueltan egon ziren atletei animatzera joango naizela. Colon pasealeku inguruan egongo naiz euren zain, baina ikusleendako oso luzea egiten da goiza.

Eta hori?

Zuk badakizu gaur egun zenbat atletek hartzen duten esku? Duela 40 urte kuadrila bat izaten ginen, jende asko izaten zen, bai, baina ez zeukan zerikusirik gaur egungoarekin. Duela bi urte nire semea animatzera joan nintzen. Lehenengoz hartzen zuen parte, eta lasterketako lehenengoak Boulebarrera iritsi zirenean hasi zen nire semea Behobian korrika egiten. Ze luzea egin zitzaidan goiza!

Lesioa duzu belaunean, bueltatuko zara korrika egitera?

Hori da nire ametsa, benetan. Kontuan hartu nik urte asko egin ditudala korrika egiten, nire bizitzaren zati garrantzitsua izan da atletismoa eta hori da orain okerren daramadana, ezin korrika egitea. Belaunean min dut, protesi bat noiz jarriko zain nago, eta lagunei esaten diet jartzen didaten egunean ostera ere korrika hasiko naizela. Barre egiten dute, baina...

Lehenago ere egin dituzu gauza harrigarriak.

Pentsa, inoizko lorpen handiena lortu nuen bikien ama izan eta hilabete batzuetara. Nire semeak azaroan jaio ziren eta hurrengo urtean, uztailean, Laredon Espainiako maratoi erdiko txapelketa jokatu nuen. Lasterketa irabazi nuen 1.18ko marka eginda eta garaipen hark, ama izan berri, oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Semeek 44 urte dituzte, horrenbestez, egin kontuak noizko kontuez ari naizen.    

Maratoi distantzia ere probatu duzu.

Laredon irabazi eta gero, Espainiako txapelduna nintzenez, Londresera eraman ninduten, hango maratoia egitera. Esperientzia polita izan zen, baina distantzia luzea zen. Maratoietan, baina, gogorrena ez da lasterketa, gogorrena aurrez egin beharreko entrenamendu saioak dira, egin behar diren serieak... Gero, lasterketa egunean badakizu 30. kilometrotik aurrera sufritzea tokatuko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak