Ingalaterratik heldu berri, BBC hedabide britainiarreko Local News Partnership egitasmoaren arduradun nagusia Goienako bulegoetan izan da gaur goizean. Euskarazko tokiko hedabideen funtzionamendua ezagutzera etorri dira, eta besteak beste, Debagoieneko hedabidearen instalazioak, funtzionamendua, historia, produktuak eta lan egiteko modua lehen pertsonan ezagutu ahal izan du.
2014ko udan BBCk antolatutako jardunaldi batzuen harira loratu zen proiektua; tokiko albisteen sektoreko eragile guztiak lehen aldiz bildu zituen hedabide nazionalak, eta Barraclough izan zen ekimenaren antolatzailea. Ordutik, Local News Partnership egitasmoak irlako irrati eta telebista publikoaren eta tokiko hedabide txikien arteko lotura egiten du, eta goizean Goienako bulegoetan izan den kazetaria da, hain zuzen, proiektuaren zuzendaria.
Tokikom Sariak 2021
Tokiko kazetaritza saritu eta atzerriko esperientziak ezagutzeko ostiralean egingo den jardunaldian izango da Matthew Barraclough-ek zuzentzen duen egitasmoa gertuagotik ezagutzeko aukera. Tokikom Sariak 2021 ekimenaren baitan antolatu diren hiru hitzaldietako bat izango da britainiarrarena; zehazki, Local News Partnership. BBC eta toki komunikabideen artean josi duten komunitatea izenpean azken urteetako esperientzia elkarbanatuko du.
Elkarrizketa Hemen Debagoienan
Horrez gain, eta Tokikom sarien inguruan egingo den saio bereziaren baitan, Goiena Telebistako Hemen Debagoiena saioan elkarrizketa berezia eskainiko du Matthew Barraclough-ek. Saioa 18:00an, 20:00an eta 22:00an ikusi ahal izango da zuzenean.