Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan, ekimen berri bat aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak gaur goizean: Haurren aurrean helduok heldu. Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian azaroaren 22tik abenduaren 5era arte luzatuko den egitasmoaren funtsak azaldu dituzte. Guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideen arteko hizkuntza-praktikak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea da xedea; hots, haurren aurrean hizketan aritzen diren helduen hizkuntza ohituretan zein hautuetan eragitea du helburu ekimenak.
Euskaraldian bultzatzen diren portaera sozialen bidetik, 'Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu' arau soziala indartu nahi du ariketak. Oraingo honetan, baina, helduen eredugarritasuna hartu dute antolatzaileek oinarritzat; izan ere, Arrate Gisasola ekimeneko parte hartzaileak adierazi duen bezala, "erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo". Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak euskara sustatzeko eskola "nahikoa" ez dela gaineratu du, eta eskolaz kanpoko eremuetan jarri nahi izan du enfasia: "Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian, beraiei zuzenduriko zerbitzu eta ekintzetan".
Nola?
Helduen hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa sozial honetan honako urratsak egitea proposatuko du Euskaltzaleen Topaguneak:
- 1. Pentsatu norekin alda ditzakezun hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzun bestelako ekintzetan / eremuetan.
- 2. Kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatu.
- 3. Informatu zure ingurua ariketa egitera zoazela umeekin partekatzen dituzun espazioetan zaudenean.
- 4. Ariketa soziala egin.
80 herri
Bide horretan, baina, hasiak dira herriz herri ekimena bultzatuko duten batzorde eragileak biltzen. Goiatz Urkijo Haurren aurrean helduok heldu ekimeneko koordinatzaileak eman du datua: "80tik gora herri daude orain izena emanda ekimena euren herrietan antolatzeko"; besteak beste, Arrasate, Bergara, Oñati eta Eskoriatza. Horrez gain, hainbat hitzaldi eta solasaldi ere egingo dira, tartean Paula Kasares, Kike Amonarriz eta Iñaki Eizmendik azaroaren 30ean Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egingo dutena. Foroa 19:00an hasiko da, eta streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da.