Bikoiztu egin dira bailarako COVID-19 kasuak azken astean

Uxue Igarza Loiola 2021ko aza. 8a, 13:00

Hilaren 1etik 7ra, Arrasaten eta Antzuolan erregistratu dira kasu gehien; bailaran erregistratu diren 71 kasuetatik 40 atzeman dira bi herrietan. Intzidentzia-tasari erreparatuta, 160koa da Debagoieneko tasa; EAEkoarekin alderatuta, 50 puntu gehiago ditu.

Azaroko lehenengo astean egindako probek 71 kasu baieztatu dituzte Debagoienean. Arrasaten eta Antzuolan erregistratu dira positibo gehienak. Gainera, deigarria da Arrasateren kasua; izan ere, urriko azken astean kasu bakarra atzeman zen bertan eta oraingoan 23 hauteman dira. Antzuolan ere gora egin dute kasuek: bederatzi izan ziren urriaren 25etik 31ra bitartean atzemandakoak eta hamazazpi azken astekoak.

Gainerako herriei dagokienez, Aretxabaletan bitik zazpira igo dira kasuak; Elgetan hutsetik hirura; Bergaran zazpitik bederatzira;  Oñatin, berriz, berdin mantendu dira kasuak (11); eta Eskoriatzan hirutik batera murriztu.

Hurrengo taulan daude datuak egunez egun eta herriz herri:

Herriak Astelehena Martitzena Eguaztena Eguena Egubakoitza Zapatua Domeka Guztira
Arrasate 7 1 4 3 4 3 1 23
Antzuola 2 2 3 4 4 2 0 17
Oñati 3 0 1 4 2 1 0 11
Bergara 1 1 3 1 3 0 0 9
Aretxabaleta 0 4 1 0 1 1 0 7
Elgeta 0 1 0 1 1 0 0 3
Eskoriatza 0 0 1 0 0 0 0 1
Aramaio 0 0 0 0 0 0 0 0
Leintz Gatzaga 0 0 0 0 0 0 0 0
GUZTIRA 13 9 13 13 15 7 1 71

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Bailarako intzidentzia-tasa, 160koa

Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, hainbat aldaketa egon dira; momentu honetan, horia da nagusi eskualdean. Tasa orokorrari erreparatuta, aurreko domekan 101ekoa zen, eta atzo berriz, 160koa.

Herriei dagokienez, azpimarratzekoa da Aramaio eta Leintz Gatzaga eremu berdean direla eta gorri dagoen bakarra Antzuola dela (1.193,21eko tasarekin). Oro har, gora egin dute datuek eskualdeko herrietan.

Datu guztiak daude ondorengo mapa interaktiboan:

>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Egoerak okerrera, EAEn ere

Duela bi aste baino ia 445 kasu gehiago atzeman ziren aurreko astean Euskal Autonomia Erkidegoan. Gauzak horrela, intzidentzia-tasak ere gora egin du eta 86tik 109ra igo da; beste aste batez, Gipuzkoak jarraitzen du gorakada handiena erregistratzen.

Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuak ere gora egin du: 1,22koa izan da azkena, eta hortaz, pandemiak hedatzen jarraitzen du. Hurrengo grafikoan ikus daiteke R0 datuaren bilakaera:

Heriotzei dagokienez, hilaren 1etik 7ra, hamar lagun zendu dira EAEn –aurreko astean baino hiru gehiago–, eta pandemia hasi zenetik guztira 4.816 dira koronabirusaren eraginez hildakoak.

Gauzak horrela, pandemiaren bilakaera epidemiologikoa ikusita, Sagardui Osasun sailburuak ez du baztertzen Gabonei begira neurriak zorroztea; izan ere, adierazi du egoera ez dela "nahi bezalakoa".

Ospitaleetan, gorabeherarik gabe

EAEko ospitaleetan, aurreko astean baino lau lagun gehiago zeuden ingresatuta atzo (90); baina Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak bi gutxiago dira (24).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak