Zientziaz eta teknologiaz zipriztindutako egunak

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko aza. 6a, 10:08

Zientziak, teknologiak eta berrikuntzak ikusgarritasun berezia hartzen duten hilabetea izan ohi da azaroa, zenbait lekutan astetik harago iraun ohi baitute gai horiekin lotuta antolatzen diren egitarauek; Bergaran, urriaren 19tik azaroaren 19ra, zehazki.

Askotariko ekitaldiek osatu dute aurtengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldietako programa ere: ekologismo errealaz eta planeta babesteko –zientziaren ikuspegitik– egin daitekeenaz hausnartuz hasi ziren jardunaldiak, eta robotika inklusiboaren eta adimen artifizialak ahalbidetu ditzakeen erronka etikoez berbetan jarraitu zuten iragan astean; aste honetan, berriz, ekonomia zirkularrari buruzko atzoko mahai-inguruaren aurretik, hitzaldi parea izan zen martitzenean eta eguaztenean. Elhuyarko Ana Galarragak bere lankide Egoitz Etxebesteren Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira liburua aurkeztu zuen Seminarixoan –herritar bakan batzuk baino ez ziren joan, baina, saioa streaming-ez ere ematen zenez, egin egin zen–, eta Zientzia Fisikoetan doktore Ricardo Hueso bizkaitarrak Perseverance Marte planetan; Lurretik harago, bizitzaren bila izeneko saioa egin zuen toki berean, biharamunean.

'Zientziaren izarrak'

Emakume zientzialarien gaineko liburua da Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira izenekoa, hiruzpalau orriko kontakizun biografikoak biltzen dituena, "oso modu pertsonalean kontatuak, irakurterrazak, gazteentzako ere aproposak", Ana Galarragaren esanetan: "Helburua da ereduak edukitzea, ezagutzeko emakume zientzialariak ere egon direla eta aurre egin behar izan dietela egiturazko arazoei"; sarri, ikusgaitz edo ikusezin bihurtu dituzten egiturazko arazoei. "Zientzia ez da beste eremuetatik aparte dagoen zerbait; gizartea matxista den modura, zientzia arloa ere oso da matxista, elitista den moduan eta...", dio Galarragak; eta orainaldian hitz egiten du, egoerak kaxkarra izaten jarraitzen duelako, alde horretatik.

Askotariko emakumeak, zientziaren arlo guztietakoak, biltzen ditu Etxebesteren lanak, "bizipen oso desberdinak izan dituztenak, eta gaur egungo emakume zientzialarietara arte".

Bergara eta zientzia

Zientziarekin lotutako ekimenak, azaro buelta honetan bezala, gero eta gehiago egiten direla aitortuta ere, horietako askoren funtsaren gainean zalantza du Elhuyarko zientzia komunikatzaileak: "Askotan, ez dakit ez ote den, baita ere, zuriketa, gertatzen den moduan, adibidez, feminismoarekin lotutako gauzekin, modan bezala jartzen direla; antolatzen da eta listo: 'Egin dugu! Konplitu dugu!'. Eskoletatik-eta egiten dira gauzak, baina gero ez dakit kultura zientifikoari ematen zaion behar adinako garrantzirik. Pandemia garaian ere ikusi dugu ze indar daukan pentsamendu antizientifikoak. Ez dakit itxurakeriatik ere, batzuetan, ez ote dagoen. Hala ere, dena da ongietorria, eta Bergaran, gainera, oinarri bat badago, eta oso ondo egiten dira gauzak. Baina Eureka museoarena ere oraintxe jakin berri dugu eta... argi-itzalak ikusten ditut.

ZTB jardunaldietarako Bergaran prestatu duten egitarauari dagokionez, begi onez ikusten du Galarragak: "Publiko guztietarako gauzak daude, era guztietakoak, entzutekoak eta praktikoagoak, tailerrak eta. Egitarau osoa da". Eta Elhuyarrek Bergararekin pozik kolaboratzen duela ere badio; Bergararekin, euren erakundearen izenarekin hain lotura estua duen herriarekin: "Pentsa, Elhuyar anaiek taula periodikoko elementu bat isolatu zuten Bergaran, eta guretzako berezia da hemen egotea".

Marten bizitzarik ba ote?

Eguaztenean, Ricardo Hueso astrofisikariaren txanda izan zen; kasu honetan bai, aretoa itxura politarekin, bertaratutakoen jakin-mina asetzeko balio izan zuen saioak, eta jendeak gozatu egin zuen Huesoren azalpenekin eta azaltzeko moduarekin. Perseverance Marte planetan; Lurretik harago, bizitzaren bila zen hitzaldiaren izenburua.

Aurtengo otsailaren 18an pausatu zen Marte planetan –arrakasta osoz– NASAk bidalitako azken rover edo astromobila: Perseverance robota. Perseverance da beste mundu batzuetara inoiz bidalitako robotik aurreratuena. Helburu nagusietakoa: Marteko arroken laginak biltzea, iraganean bizitzarik izan ote zen aztertzeko.

Laboratorium museoko arduradun Rosa Errazkinen esanetan, "oso interesgarria" izan zen Huesoren hitzaldia: "Nola kontatu duen robotaren iritsiera, bidaiaren azken zazpi minutuak, ze arrisku zeuden Marteratze horretan eta nola poztu zen talde osoa; oso dibulgatzaile ona da, eta gazteak ere oso gustura geratu direla esango nuke. Maila handiko gertakari baten berri emateko Bergarara horrelako dibulgatzaile bat ekartzea oso aberasgarria da".

Gaztea, eskolen bidez iritsitako ikasle jendea, izan zen, bai, saioko publikoaren zati bat, baina haiekin batera izan ziren Goienagusiko kideak ere. Goienagusikoek euren urte amaiera arteko egitarauaren barruan ere bazuten eguazteneko hitzaldia –Laboratoriumekin duten hitzarmenari esker–, eta haiek ere gozatu egin zuten, euretako batek aitortzen zuen modura: "Askoz gertuagotik eta modu animatuan eta grafiko, argazki eta bideoekin bikain dokumentatutakoan ezagutu ahal izan dugu gizateriaren historian zehar Marteri buruz ikasten joan garena". Eta datu bitxi moduan gehitu zuen robotaren zati bat Elgoibarko AVS enpresan egina dela ezagutu izana.

Goienagusiko zuzendaritza batzordeko kide Jose Mari Erañaren arabera, askotariko gaiek izaten dute arrakasta elkarteko kideen artean, baita zientziarekin eta teknologiarekin lotutakoek ere; ezarrita egon daitekeen pentsaeratik harago, gai horiek ere badira aproposak adin batetik aurrerako jendearentzat: "Zientziarekin eta teknologiarekin lotutako gaietan jakin-min handia egoten da, eta jende asko joaten da entzutera. Gaur egun, zientziaz eta teknologiaz dakitenak, oro har, aldi berean dibulgatzaile onak izaten dira. Guk ekartzen ditugun asko irakasleak izaten dira, eta ohituta daude gaiak egokitzen publikoak ondo bereganatu ditzan. Horrez gain, jende nagusia ere gero eta gehiago da jende prestatua, dezentziatik datorrena edo lantegietan postu espezializatuak izan dituena, adibidez. Baina hori izan ez duena ere... Gizartean gero eta informazio gehiago dago, gizartea gero eta kultuagoa da".

Hemendik aurrerakoak

Aste honetako ekintzen ostean, beste hainbat geratuko dira oraindik Bergarako ZTB jardunaldietan, azaroaren 19ra bitartean: hiru hitzaldi, mahai-inguru bat, barnetegi teknologikoa eta Wolfram Encounter topaketa izango dira, euskarazko ahotsen grabaketa maratoiarekin batera. Hitzaldietan-eta jorratuko dituzten gaien artean askotarikoak izango dira: fisika kuantikoa, adimen artifiziala eta burujabetza teknologikoa, besteak beste; eta genero ikuspegia eta hizkuntzarena, euskararena, ere kontuan izango dute.

Garaia eta MGEP

Garaiak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ere antolatu dituzte Arrasaten Zientzia eta Teknologiaren Astea ospatzeko ekintzak. Datorren astelehenetik eguenera egunero egingo dituzte teknologia arloan Debagoienean trebatutako pertsonekin online elkarrizketak, eta mahai-ingurua egingo dute egubakoitzean.

Itsaso Arrayago, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikerlaria: "Oso pozik nago Sydneyko emaitzekin"

Bere herriko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak ixteko ardura izango du Itsaso Arrayagok (Bergara, 1987), Debagoieneko beste ikertzaile gazte batzuekin batera: Bailarako ikertzaile gazteak etorkizuneko mundua moldatzen izeneko saioa egingo dute azaroaren 19an. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta bertako Egitura eta Materialen Analisi eta Teknologia Taldean egin zuen doktoretza gero. Han jarraitzen du gaur egun, irakasle eta ikerlari, besteak beste, eraikuntzan erabiltzen den altzairu herdoilgaitzarekin lanean. Sydneytik itzuli berria da; punta-puntako ikertzaile gazteei munduko unibertsitate hoberenetara joateko aukera ematen dien Europako Komisioak finantzatutako proiektu batekin izan da han bi urtez.

Zein da altzairuzko egiturekin dagoen arazoa eta zein bidetatik joan behar du etorkizunak?

Egituren erresistentzia estimatzeko orain ditugun kalkulu araudi tradizionalak zenbait ekuaziotan oinarritzen dira, gehienbat; ez bakarrik altzairuzko egiturentzako, baita hormigoizkoentzat ere. Hala ere, azken urteotan egituren diseinurako softwareetan eta ordenagailuetan izan diren aurrerapenei esker, orain posible da egitura hauen portaera modu zehatzean aurreikustea, betiko ekuazioekin beharrean, materialak guztiz aprobetxatuz eta egitura merkeagoak ahalbidetuz. Kalkuluetarako metodo berriak, beraz, ordenagailu bidezko simulazioetan oinarrituko dira, baina, horretarako, beharrezko dira, lehenengo, ikerketa lanak, metodo horiekin diseinatutako egiturak seguruak eta fidagarriak izango direla ziurtatzeko.

Emaitza onak eman al ditu Sydneyko egonaldiak?

Egia esan, oso pozik nago lortutako emaitzekin. Garatu dugun metodo berriarekin altzairu herdoilgaitzez egindako egituretan %10eko material aurrezpena lortu dugu. Baina, batez ere, diseinu prozesua ikaragarri arindu dugula uste dut. Ingeniarien lana izugarri erraztuko du etorkizunean metodo honek, eta Europako ingeniaritza bulegoen lehiakortasuna indartuko du, kalkulu araudi berrietan ezartzen denean. Orain, Sydneyn ikasitakoa Europara ekartzeko momentua da; beraz, proiektu berean arituko naiz beste urte batez, metodo berria guztiz garatzeko eta kalkulu araudi berriak prestatzeko, eta baita egin dudan lan guztia eta ikasi dudana Europako unibertsitateetara hedatzeko ere: eskolak eta hitzaldiak emango ditut, eta kolaborazio berriak bilatuko ditut.

Dibulgazioari garrantzi handia ematen diozu.

Uste dut oso garrantzitsua dela, alde batetik, gizarteak jakin dezan diru publikoarekin zein arazo konpondu nahi ditugun ikertzaileok, kontziente izan daitezen esfortzu izugarria egiten dugula etorkizunerako prestatzeko eta baita hainbat arlotan etorkizuna moldatzeko ere; bestetik, uste dut herritarrek zeresan handia dutela arazo guztien artean lehentasuna zerk izan behar duen erabakitzerakoan, eta, horretarako, dibulgazio ekitaldiak ezinbestekoak dira, herritarrei tresna kritikoak ematen dizkiogulako eta beraien ahotsa gugana iristeko foro ezin hobea direlako: batez ere, herritarren eguneroko bizitzatik eta berrietatik urruti diruditen gaietan, gizarteak modu kritikoan pentsatzeko oinarrizko tresnak baldin baditu, hobeki prestatua egongo da zer gertatzen den ulertzeko eta nori kasu egin erabakitzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak