Iraileko beheranzko joerari eutsiz, urrian 26 langabe gutxiago zenbatu dira bailaran

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 3a, 18:05

Espainiako Enplegu Zerbitzuak argitaratutako datuen arabera, 2.484 langabe daude egun bailaran; zehazki, iraila amaieran lanik gabe zeudenak baino 26 debagoiendar gutxiago. Bide beretik, langabezia-tasak ere behera egin du, eta %8,09an kokatu da urria amaieran.

Iraila amaieran izandako beheranzko joerari eutsiz, urrian ere jaitsi egin da langabezian diren debagoiendarren kopurua. Arrasate (-22), Bergara (-7), Antzuola (-4), Eskoriatza (-4), Elgeta (-2) eta Leintz Gatzaga (-1) izan dira, hurrenez hurren, jaitsiera horren kausa; beste ertzean kokatzen dira Aretxabaleta (+8), Oñati (+4) eta Aramaio (+2), iraila amaieran baino langabe gehiagorekin. 

Langabezia-tasei erreparatuta, %0,09ko jaitsiera izan du azken hilabetean bailara osoa aintzat hartuta. Kasu honetan, Leintz Gatzaga izan da langabezia-tasaren jaitsiera handiena izan duena (%-0,84), eta Aramaio, berriz, igoera nabarmenena izan duena (%0,28). Hona herriz herriko datu zehatzak:

Herria Urriko langabeak Langabeak guztira Langabezia-tasa
Antzuola -4 58 %5,35
Aramaio +2 17 %2,43
Aretxabaleta +8 226 %6,57
Arrasate -22 1.103 %10,86
Bergara -7 537 %7,49
Elgeta -2 27 %4,55
Eskoriatza -4 155 %7,75
Leintz Gatzaga -1 4 %3,33
Oñati +4 357 %6,59
Debagoiena -26 2.484 %8,09

Elkarrizketa sozialaren defentsan

Idoia Mendia lehendakariordeak ohiko hileroko agerraldian egin du EAEko datu orokorren balorazioa, eta langabeziaren jaitsiera "berretsi" egin dela argudiatuta, urrats bat aurrera eman eta elkarrizketa soziala defendatu du, "enpleguari buruzko datu onekin batera, haren kalitateari buruzko datu onak eman daitezen".

Espainia osorako akordio bat proposatu du PSE-EEko legebiltzarkideak, "kontratazio berriek ezin dutelako nahi ez den behin-behinekotasuna eta partzialtasuna eten". Beraz, "kontratu mota horiek argituko dituen eta prekarietatea murriztuko duen lan-harremanen esparru bat" sortzeari bide eman nahi dio Eusko Jauraritzak, Mendiak adierazi duenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak