"Asko dira emakume pentsiodunok ditugun aldarrikapenak, baina onartzear dagoen erreforman ez gaituzte izendatu ere egiten" esanez ekin zion manifestuaren irakurketari Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen Asanbladako bozeramaileak. Atzo arratsaldean Bilbon egin zuten agerraldiak bi helburu izan zituen: batetik, emakume pentsiodunen egoera eta pentsioetan ematen den genero-arrakala bistaratzea; eta, bestetik, azaroaren 13ko Pentsioen Sistema Publikoa defendatu eta hobetzeko mobilizazioan parte hartzeko deialdia hauspotzea.
"Euskal Autonomia Erkidegoan ia 100.000 emakumek kobratzen dute alarguntza-pentsioa, eta emakume alargunak dira ahaztuenak" adierazi zuten asanbladako kideek. Izan ere, emakume alargunen %25ak 700€ baino gutxiago kobratzen dute hilean, eta 63.000 alargun ez dira aldarrikatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsio duinera heltzen. Zehazki, emakumeentzako bataz besteko alarguntza-pentsioa 982€-koa da gaur egun EAEn. Azaroaren 13ko mobilizaziora gehitu dute aldarrikapena, "alarguntza-pentsioaren %100 bermatzeko eta alarguntza-pentsioa 1.080 €-ra arte osatzeko".
Genero-arrakala
Alarguntza pentsioez gain, pentsioen genero-arrakalan jarri zuten enfasia atzoko agerraldian. Amatasuna, zaintza lanak, lanaldi bikoitzak, lanpostu prekarioak, soldata baxuak, lanaldi partzialak... "askotan nahi gabe edo zaintza lanek behartuta, gure lanpostuei uko egin behar izan diegu partzialki edo behin betiko", adierazi zuten, "eta egoera horiek guztiek murriztu egin dute gaur egun kobratzen dugun pentsioa", borobildu. Horregatik, "egiturazko neurriak" eskatzen dituzte genero-arrakala horiek gainditzeko, "bai pentsioetan, bai soldatetan".
Aipatutako aldarrikapenak gomutan, "edozein adinetako emakumeei" azaroaren 13an kalera irteteko deia egin zieten Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen Asanbladako kideek.