Azaroaren 1ean eguneratu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak COVID-19aren aurkako txertaketa prozesuaren datuak, eta azpimarratzeko muga batera heldu da kanpaina: EAEko 1.781.088 herritarrek, hau da, 10 herritarretik 9k, inmunizazio osoa eskuratu dute jada. 19.556 kide gehiago dira lehen dosia jaso dutenak, eta ondorioz, biztanleen %91,0 dira egun soinean ziztada bat daramatenak. Orotara, Osasun Sailak jasotako dosien %93,1a jarri dira.
Adin taldeetako datuetara jauzi eginez, 20 eta 29 urte bitarteko herritarrak dira inmunizazio maila baxuena dutenak; zehazki, %78,1ak du pauta osoa, eta %80,1ak, berriz, lehen dosia. Beste ertzean kokatzen dira 80 eta 89 urte arteko biztanleak, %97,0ko inmunizazioarekin. Adin taldeen araberako datu zehatzak ezagutzeko, hona Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratutako buletina.
Hirugarren dosia
Urriaren 18an Goienak argitaratu bezala, gripearen aurkako ohiko kanpainarekin batera COVID-19aren aurkako hirugarren dosia hartzeko aukera zabaldu zitzaien 70 urtetik gorako eta aurreko txertoak duela 6 hilabete baino lehenago jaso zuten herritarrei.
Bada, abian da hirugarren ziztada horren kanpaina, eta uneotan, zazpi hamarkadatik gora dituzten herritarren %17,6ak jaso du ziztada berria. Adin taldeei erreparatuta, %51,7koa da portzentaia 90 urtetik gorakoen artean, %31,4koa 80 eta 89 urte bitartekoen artean, eta %4,4koa 70 eta 79 urte artekoetan.