2019an hasi ziren entsegu lokalean elkartzen Bergarako Beñat Larrañaga eta Biken Larrañaga eta Antxon Arregi antzuolarra. Ikasketa kontuek baldintzatuta etenaldi batzuk egin behar izan zituzten, eta, kontraesana badirudi ere, konfinamendu garaian hartu zuen indarra taldeak.
Sarean kantu batzuk argitaratu izan dituzte aurrez, eta urriaren 22an kaleratu zuten euren estreinako diskoa: Hegikide. Bergarako Arrano eta Antzuolako Aitz Garbi tabernetan eta taldearen sare sozialen bitartez eros daiteke.
Bergarako 'hegi' hitzetik tiraka
Diskoaren izena asmatzeko orduan buelta asko eman ondoren Hegikide izena aukeratu zutela azaldu du Biken Larrañagak. "Platonen teoria interesgarria iruditu zitzaigun, eta hari tiraka hasi ginen. Marra hitzaren sinonimo bila hasi, eta hara non topatu genuen hegi; hain justu, Bergarako jatorria duena. Mendiak eta zerua banatzen dituen lerroa adierazten du, eta hitz jokoa eginda asmatu genuen hegikide kontzeptua: bi bergarar eta antzuolar bat, mendien lerro arteko kideak garela adierazteko modu bat".
Kantuen hitzei dagokienez, denetarikoak direla dio abeslariak: "Lagunek idatzi dizkiguten bi kantuen hitza ezik, besteak guk sortutakoak dira. Denetarikoak dira; adibidez, erlijioei kritika egiten diegu Azken amenetan izenekoan; desamodio kantua da Zu; gertuko jendea faltan igartzeari buruz jarduten dugu Gertu-n; Lemak taldeari egiten dio erreferentzia Gu-k...".
Rocka, zentzu zabalean
Hemen gaude eta MM kantuen bideoklipak egin dituzte eta dagoeneko euren sare sozialetan dituzte ikusgai. "Hemen gaude izan zen iaz argitaratu genuen lehen kantua; bertsio akustikoan zen hori, eta orain, doinu gogorragoak jarri dizkiogu. Orokorrean, rock kantuak dira guztiak, lasaiagoak batzuk, popetik ere badutenak, eta punkagoak beste batzuk".
Jendaurrean jotzea da orain euren asmoa, eta ari dira kontzertuak lotzen; datorren astean Antzuolan izango dira, Zurrategi plazan egitekoak diren Antzuolako Rock Eguna jaialdian.