Gaur aurkeztu du Oñatiko Udalak Musikegunak egitasmoaren 43. edizioa. Pasa den urtean egoera berezian ospatu zen musika klasikoa oinarri duen egitasmoa, eta aurten bide berari eutsiko dio, osasun eta segurtasun baldintza zein mugak malguagoak diren arren. Formatuan, baina, ez da aldaketa handirik aurreikusten, eta ohiko lau osagaiak uztartuz osatuko da jaialdia: Santa Ana Antzokia, azaroko igande arratsaldeak, arratsaldeko 19:00ak eta musika klasikoa.
Aurtengo berezitasun nagusia musikarien zaindari den Santa Zezilia egunaren bezperako kontzertuan izango da; azaroaren 21ean, zehazki. Apirilean zendu zen Juan Carlos Irizar musikari oñatiarraren, musika-ondare handia utzi zuen piano-jole, konpositore eta abesbatza zein orkestra zuzendariaren omenezko kontzertua egingo da. Arantzazu Saiz Triok eta hainbat gonbidatuk izango dute musikagile eta musikariari gorazarre egiteko aukera.
Klasikoa baina berritzailea
Aipatutako omenezko kontzertua jaialdiko hirugarrena izango da. Honakoa da, zehazki, Musikegunak jaialdiko egitaraua:
- Azaroak 7, igandea - Arturo Duo Vital
- Azaroak 14, igandea - Maria Berasarte
- Azaroak 21, igandea (Juan Carlos Irizarren omenezko kontzertua) - Arantzazu Saiz Trio eta gonbidatuak
- Azaroak 28, igandea - ARAH
Sarrerak bihartik aurrera
Bihar goizeko 10:30ean jarriko dituzte salgai sarrerak Oñatiko Udalaren webgunean, Txokolateixan eta lehiatila digitalean. Aurreko urteko edizioan bezala, bi sarrera mota egongo dira. Alde batetik, kontzertu solteetarako sarrerak (8€), eta bestetik, ekimen osorako baliagarria izango den bonoa (22€).