Euskal Autonomi Erkidegoko hezkuntza sistema "dual, klasista eta arrazistak" eskola publikoaren kaltean jokatzen duela argudiatuta, eta "segregazioa eta bi mailako ikasleak" sortzen dituela iritzita, hezkuntza publikoaren aldeko manifestazioa deitu du Euskal Eskola Publikoaz Harro! topaguneak. Azaroaren 6an, larunbata, arratsaldeko 17:00an abiatuko da mobilizazioa Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzaren egoitzaren aurretik. Deialdiarekin bat egin dute LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek.
"Dugun hezkuntza sistema dualak gizartean dauden desberdintasunak konpondu beharrean, areagotu egiten ditu", adierazi dute gaur goizean egindako agerraldian topaguneko kideek. Beren hitzetan, egoera honek "herriaren kohesioaren etorkizuna jartzen du kolokan", eta horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzari zein sare pribatuko ikastetxeei interpelazio zuzena egin nahi diete; "honen kontra borrokatu eta neurriak har daitezen mobilizatuko gara", adierazi dute manifestazioaren deitzaileek.
Sei aldarrikapen
Euskal Eskola Publikoaz Harro! topaguneak sei aldarri zabalduko ditu Bilboko kaleetan:
- Eskola publikoak administrazioaren lehentasun oso izan daitezela
- Eskola bakarra, publikoa, integrala eta doakoa bermatu behar dela
- Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jarri behar direla
- Pribatizazioarekin amaitu eta diru publikoaren erabilera bidezkoagoa egin behar dela
- Ikastetxeen publikazioa ahalbidetuko lukeen araudi adostua sortu behar dela
- Euskarazko murgiltze eredua orokortu behar dela
"Etorkizuneko jendartea dago jokoan", prentsaurrekoan adierazi dutenez, eta EAEko Hezkuntza Akordioaren harira, dei zuzena egin diote Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari: "Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/legerik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, euskaldun, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena".