2021eko udazkenean egitekoa zen txapelketa atzeratu ostean, gaur aurkeztu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia. Nafarroako, Bizkaiko zein Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketak egiten ari dira uneotan, eta Gipuzkoa eta Arabako sailkatuekin batera osatuko da oholtzara igoko diren 36 bertsolarien zerrenda.
Getxon emango zaio hasiera lehiari 2022ko irailaren 24an, eta "euskararen lurralde osoa zeharkatu ostean", Iruñean jakingo da nork jantziko duen Maialen Lujanbiok 2017an BECen bururatu zuen txapela. Zortzi finalisten eta milaka bertsozaleren azken geltokia izango da, hain zuzen, txapelketa honen berritasun nagusia.
Barakaldotik Iruñera
Donostian lehen 13 edizioen finala jokatu ostean, Barakaldoko BECera egin zuen jauzi azken saioak 2005ean. Maialen Lujanbiok (2009 eta 2017), Andoni Egañak (2005) eta Amets Arzallusek (2013) jantzi dute txapela bertan, eta 18. edizio honetan Iruñeko Nafarroa Arenan jarriko zaio txapelketari ginga.
Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, "ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da helburua". Bide horretan, eta pabiloiak "beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela" aztertu ondoren, finala Iruñera lekualdatzea erabaki du elkarteak, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko egindako "ahalegin handiari" segika eta Iruñerrian eragin asmoz.