Malen Osa: "Lehen igarri ez dudan presioa sumatu dut Aloñako Igoeran"

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 22a, 16:00

Malen Osa txapelarekin, aste barruan Oñatin. Argazkia: Andoni Goiti.

18 urterekin Aloñako Igoeran izena lehenengoz eman, eta, konturatu orduko, Malen Osa asteko protagonista bilakatu da. Historia egin du etxeko proban, lasterketa irabazi duen lehenengo oñatiarra izan da eta (2.26.23). Mendi lasterketetarako sekulako dohaina duela erakutsi du, nahiz eta oraingoz futboleko botak janzten jarraituko duen, Aloña Mendiko jokalaria da eta. Hasi berria da lasterketetan, baina beterano baten moduan egiten du berba.

Lehenengo oñatiarra zara etxeko lasterketa irabazten.

Bai, eta uste dut orain arte podiumera ere ez dela sekula oñatiarrik igo. Horregatik, Ainara [Uribarri] eta biok oñatiar moduan podiumean egon izana esanguratsua izan da. Egia da mendi lasterketetan emakumezkook geroago eta presentzia handiagoa dugula, baina, bestalde, lasterketa egunean pena apur bat ere hartu nuen, hamasei emakumezko baino ez ginelako batu irteera puntuan. Alde horiek txikitzen joan daitezen borrokan jarraituko dugu.

Hunkituta iritsi zinen helmugara, esanguratsuak izan ziren lasterketa ondorengo irudiak, gertukoekin besarkadak...

Oso berezia izan zen momentu hura, denetariko sentsazioak izan nituen. Momentuan ez nintzen egindakoaz jabetu, oso hunkituta nengoen, eta egoerak apur bat gainditu egin ninduen. Etxekoak zeuden han eta sentimenduak borborka nituen. Irudiak errepasatuz badirudi burumakur helmugaratu nintzela; egia da leher eginda nengoela, baina ez nuen jakin momentu hartan zelan jokatu.

Zelan joan zen lasterketa?

Uste baino dezente azkarrago hasi ginen, Oihanak [Azkorbebeitia] aurrera egin zuen eta nik Ainararekin [Uribarri] batera igo nuen Aloña. Hasierako sentsazioak ez ziren batere onak izan. Banekien hasieratik nire borroka Ainararekin izango nuela, Oihana beste koska batean egongo zela aurreikusten nuelako. Eta amestu ere egiten ez nuen hori gertatu zen orduan, Eskistara iritsi aurretik harrapatu egin nuen Oihana eta banekien malda behera azkar joateko kapaz nintzela. Hor hasi nintzen pentsatzen lasterketa irabaz nezakeela.

Herritarren aurrean erakustaldi aparta egin zenuen.

Horrek poztu ninduen mordoa, norberak egiten duen horrekin gozatu egiten duenean eta, aldi berean, besteak ere gozatzen dabiltzala ikustea... Agian, garaipenak berak baino gehiago betetzen nau horrek.

Zeure kasuan, pandemian egindako urtea baliatu duzu mendi lasterketetara gerturatzeko.

Gaztetatik izan ditut begiz jota mendi lasterketak, Aloñako Igoera etortzen zen bakoitzean egunen batean hor lehiatzea amesten nuen. Egia da etxetik datorkidala mendizaletasuna, eta baita kirol ohiturak ere, eta, pandemian egindako urtean bestelako kirol jarduerak bertan behera egon direnez, seriotasun handiagoz hasi nintzen korrika egiten, entrenatzen, eta mendian ibiltzen; horrek askatasun sentsazioa ematen zidan.

Etxeko lasterketan izena ematea erabaki zenuen arte.

Lehenengo, Jacan (Huesca) egiten duten Oroeleko lasterketan izena ematea erabaki nuen, abuztuan. Oñatiko lasterketa gogorra da, eta erreferentziak hartzeko Oroelekoa aproposa zen. Eta hortxe etorri zen lehenengo ezustekoa [Irabazi egin zuen]. Gero, Gorbeiako Suzien egitea erabaki nuen. Azken batean, ez dut nire gorputza lasterketetan ezagutzen, eta mugak non ditudan ikusi gura nuen [Eta hor ere irabazi egin zuen, 21 kilometroko distantzian]. Egia da bi lasterketa horietan ondo ibili izanak Oñatiko lasterketarako urduritasun puntua eman zidala. Ordurako jendeak bazekien zertan nenbilen, eta aurrekoetan baino presio handiagoarekin joan nintzen irteera puntura.

Diozu sorpresa izan dela Oihana Azkorbebeitia gainditu izana.

Bai, erabateko sorpresa. Aurreikusten nuen benetako pikea Ainararekin [Uribarri] izango nuela, uste nuen Oihanak hasieratik egingo zuela aurrera eta ez genuela gehiago ikusiko, nik nire aldetik egin beharko nukeela lasterketa. Harrapatu izana ezustea izan zen, mendian zeuden herritarrek etengabe ematen zizkidaten erreferentziak eta geroago eta gertuago neukala ikusten nuen, gainditu nuen arte. Hura aurreratu izana surrealista samarra da.

Azkorbebeitia, Osa eta Uribarren, helmugan. Argazkia: Lartaun Iturbe. 

Duela hiru urte, Goiena telebistan Galdegazte saioan izan zineten Azkorbebeitia eta biok. Azkorbebeitia gonbidatu, eta zu eta zenbait solaskide galderak egiten.

[Barre] Bai, gogoan dut. Nik proposatu nuen Oihanaren izena, gainera. Oso interesantea iruditzen zitzaidan maila horretako kirolari batekin egotea, kontuan hartuta zer-nolako oihartzuna lortu duen emakumezko mendi lasterkari moduan... Bada, pentsa ze berezia izan zen domekan bizi izan nuena. Ze jator egon zen nirekin helmugan, Artzanburun elkarrekin egin genuen igoera... Halako momentuengatik bakarrik merezi izan zuen Aloñako Igoera egitea.

Tarte batean, korrika egiteko zapatilak gorde eta futboleko botak jantziko dituzu berriro ere.

Mendi lasterketetan izena emateko erabakia hartu nuenean, garbi neukan mundu honetan indartsuegi hasteak ez zuela gauza onik ekarriko. Gorputzak eta buruak atseden hartzea eskatzen didate, azken batean, entrenamendu ordu asko direlako eta gorputzak sufritu egiten duelako. Horregatik, etena egingo dut eta futbolera itzuliko naiz, bizitza osoan futbola izan delako praktikatu dudan kirol jarduera eta, koronabirusa tarteko azken urtea ez denez batere ona izan, futbol ibilbidea ondo amaitu nahi dudalako. Futbolaz gozatu nahi dut orain; ditudan taldekideekin ederto ibiliko naiz.

Sufrimendu fisikoa aipatu duzu. Dagoeneko badakizu zer den ebakuntza-gelatik pasatzea.

Bai; badakit korrika egiteko kapaz ez izatea zer den... Horregatik, 18 urterekin mendian korrika ibili ahal izatea oparia da niretako. Orain ere, tarteka, belaunek burukomina ematen didate, eta batek daki 50 urterekin zelan ibiliko garen, baina, ondo gauden bitartean, gozatu egingo dut.

Parte hartutako hiru lasterketak irabazi izana ez da normala, ezta horren gazte txapela jantzi izana ere. Presio berba aipatu duzu lehen.

Lasterketa aurretik lagunek komentatzen zidaten Oñatin ere irabazi egin behar nuela, ederra izango zatekeela. Ez diozu horri garrantzirik eman nahi, baina presioa handitzea dakar. Lasterketa egunean, 08:00etan, plazara iristeaz batera nire izena entzun nuen bozgorailuetatik, eta detaile horiek kudeatu egin behar dira.

Futbolean garaipenak eta porrotak taldean ospatu edo sufritzen dira; mendi lasterketetan, ez.

Lehenago ere igeriketan ibili naiz, futbolean ere lehiakorra naiz, eta banuen gogoa bakarkako kirol batean presioa zelan kudeatzen nuen ikusteko. Etorkizunean nire esku egongo da neurtzea zenbat estutu behar dudan neure burua; oraingoz, ez diot zaletasun honi aparteko lehentasunik eman nahi.

Datorren urtean Aloñako Igoera apirilean izango da. Irteera puntuan izango zara?

Ez izan zalantzarik! Eta, aipatu moduan, ez dut pentsatu ere egin nahi ze presio izango dudan! [Barre] Dena dela, lasterketa bakoitza mundu bat da, lesioak egoten dira, lasterketako gorabeherak, edozein detaile... Hobe da hankak lurrean mantentzea. Lehenengoa banaiz, asko poztuko naiz, eta bosgarren sailkatuta ere egun berezia izango da, seguru.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak