Berrikuntza, ekintzailetza eta pertsonen talentua dira garatuko diren esparru berriak, eta bi erakundeek elkarlanean jardungo dute ikerketaren eta transferentziaren eremuetan. "Laboral Kutxak MUko ikasleak hartzen ditu urtero prestakuntza duala egiteko zein gradu eta master amaierako hainbat proiektu gauzatzeko", azaldu dute sinatzaileek.
Lan ildo berriak
Berrikuntzaren esparruan Berrinkuntza Unitatea eta Open Business jarduerak abiaraziko dituzte. Horrekin batera, estrategikoa izango da parte hartzea sustatzea berrikuntza proiektuetan; eta hori bai irakasle-ikertzaileen proiektuetan, bai doktoregaietan, bai ikasleen proiektuetan. Baita ere, ikasleendako BBF-Fintch-MUE motako erronkak bultzatuko dituzte eta, horrekin batera, LK-MGEP ikasgela.
Ekintzailetzaren alorrean "sendotasuna, indarra eta jarraipena" izango dira helburu. "Esparru horretan badago aldez aurretik lankidetza bat Bilbao AS Fabrik, Bilbao Berrikuntza Faktoria, Gaztenpresa, E-Labs", azaldu dute. Antzerako adibideei jarraituz egingo da aurrera.
Talentuaren alorrean erantzuna emango zaie Laboral Kutxaren hainbat arlotako proiektuetan detektatu diren beharrei. Unibertsitateko ikasleekin landuko da talentuaren alorra bai ikasketak martxan dauden bitartean bai ikasketak amaitutakoan. Hala, bai beken bidez bai curriculumeko zein curriculumetik kanpoko praktiken bidez edota lan-poltsa baten bidez.
Irakaskuntza alorrean
Gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenak irakaskuntzako alorrean ere eragingo duela esan dute bultzatzaileek. Mondragon Unibertsitateak konpromisoa hartu du Laboral Kutxarako prestakuntza edukiak sortzeko eta banka kooperatibak irakaskuntzan laguntzeko duen ahalmena baliatuko du.
Zeharkako beste eremu batzuk ere identifikatzea da asmoa. "Adibidez, Mondragon Unibertsitateko ikasleentzako produktuetan eta zerbitzuetan lehentasunezko baldintzak garatzea", azaldu dute.
Lanbide heziketaren eredua beste herrialde batzuetara eramateko nazioarteko lankidetzan ere ariko dira bi erakundeak.