Idurre Albizu da Garaia Parke Teknologikoko negozio garapenerako arduraduna. Garaiaren eta D2030en arteko loturaz dihardugu lerro hauetan, bai eta bi erakundeek partekatzen dituzten lankidetza, berrikuntza eta gizarte garapenaz.
Eskualde ekintzailea da Debagoiena, eta Garaia Parke Teknologikoa horren erakusgarrietako bat. Nola definituko zenuke gure ekosistema ekintzailea?
PTGaraia bera ekintzailetza horren ondorio bat da, 1999 urteko MUren hausnarketa estrategikoan sorturiko barne ekintzailetzako proiektu bat delako. Baina hau ez da azken 20 urteko zerbait, belaunaldiz belaunaldi jaso dugun izan eta bizitzeko era bat baita. Agian, gurean izan ditugun baldintzek eraginda, betidanik bizitza aurrera ateratzeko era desberdinetan ekin behar izan diogulako. Dena den, garai bakoitzean une horretako erronken arabera joan da ekintzailetza egokitzen. Ekintzailetza industrial astun eta intentsibo batetik hasita, orain dugun ekintzailetza teknologikora eta etorkizunerako eraikitzen ari garen iraunkorrago batera. Guztietan komunean izan dira berrikuntza eta begirada humanistikoa eta ekintzailetza desberdinak bizikide orekatuak dira.
"PTGaraia belaunaldiz belaunaldi jaso dugun bizitzeko modu bat da"
Zer da une honetan Garaia Parke Teknologikoa?
Garaia Parke Teknologikoa, teknologia eta berrikuntza oinarritzat dituela, balio erantsizko ekintzailetza sustatzeko espazioa da. Gure helburua Debagoieneko gizarte garapena eta garapen ekonomikoak dira. Horretarako, agente dinamizatzaile, laguntzaile eta bitartekari gara, ekintzailetza, berrikuntza eta teknologiarekin zerikusia duten ekimen desberdinekin.
Zergatik Garaia D2030en sareko kide?
Ezinbestekoa da PTGaraiarentzat ekintzailetza, berrikuntza eta Debagoieneko garapenarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzea. Bertan enpresengandik eta hainbat ekintzailerengandik jasotzen ditugun kezka, behar eta ametsen testigu gara eta, aldi berean, D2030 bezalako foro batean lantzen diren gai eta hausnarketak input bezala erabiltzen ditugu, gurean ditugun enpresa eta ekintzaileei, balio erantsi gisa, gerturatu ahal izateko.
Nola elkar elikatu daitezke bi erakundeak?
D2030 Debagoienean dauden erakunde, enpresa eta talde desberdinen batura izanda, tokiko ezagutza, beharrak eta proiektuak lantzen dituen foroa da. Horrek ezagutza eta elkarlanerako espazio aproposa eskaintzen dio Debagoienean dagoen guztiari, PTGaraia barne. Garaia Parke Teknologikoak bertan kokatzen diren 62 enpresengandik jasotako ikuspuntua eskain dezake. Ahaztu gabe APTEren (Parke Teknologikoen Espainiako Elkartea) eta IASPren (Zientzia Parkeen Nazioarteko Elkartea) bitartez nazioarteko 115.000 enpresaz osatutako sarearen parte izanik, berrikuntza eta ekintzailetzan espazio garrantzitsua eskaintzen dugula.
D2030ek helburu bezala du erronka globalei aurre egitea eta eraldaketarako baldintza egokiak sortzea. Gure eskualdeari zein indargune ikusten dizkiozu arlo horretan?
Debagoienak elkarlanerako ohitura, kultura eta sakon errotutako gizarte saretu bat ditu. Gizarteak beregan du parte hartzeko eta lan egiteko banakako eta taldekako ardura. Horiek dira edozein eraldaketa errealitate bihurtzeko behar diren osagarri garrantzitsuenetakoak, eta bertan ondo oinarrituta daude aspalditik.
"Azpimarratzekoa da lidergo partekatuak ematen duen aberastasuna"
Lankidetza da D2030ek bultzatu gura duen arlo bat, eta Garaia lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da. Zein ikasketa azpimarratuko zenituzke kolaborazio lanketa horietatik?
PTGaraia lankidetza publiko-pribatu baten emaitza da eta, aldi berean, pertsonen, enpresen eta erakundeen arteko lankidetza bultzatzea da gure helburuetara heltzen lagunduko gaituen oinarrizko tresna bat. Lankidetzan, alde desberdinen arteko entzutean, elkar ulertzean eta komunikazioan, oro har, lortu daitekeen aberastasuna azpimarratuko nuke. Lidergo partekatuaren balioa. Adostasunezko helburu eta erronkak aurrera ateratzeak duen erlazioak eraikitzeko eta gizartea eraldatzeko potentziala.
Zein da Garaia Parke Teknologikoaren osasuna une honetan? Oinatzik utzi al du pandemiak? Zein?
Gure eguneroko lana pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da, eta harremanak guztiz eraldatu dira denbora honetan. Beste guztiok bezala, denbora honetan, harreman horiek mantentzen jarraitu ahal izateko era berriak ikasi ditugu. Era berri horietako batzuk betirako geldituko dira, beste batzuk denbora baterako eta beste asko, berriz, pandemia aurretik ezagutzen genituen era antzeko batera bueltatu dira dagoeneko. Bitartean, ikasketa teknologiko asko izan ditugu eta, batez ere, aurrez aurreko erlazio pertsonalen balioa azaleratu egin da.