Markel Olano diputatu nagusiak eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak eman dituzte xehetasunak eta Olanoren esanetan ekonomia errekuperatzen ari da.
Gaineratu du zerga bilketak "baliabide publiko gehiago" izatea ekarriko duela eta hazkunde horrek, "aurrekontu indartsuak" izatea ahalbidetuko duela: "Berreskuratzea ekonomia sektore guztietara eta herritar guztietara iritsi behar da. Ez gara ari batzuen ongizateaz bakarrik, baizik eta gizarte osoarenaz, eta hor eragin behar dugu administrazio publikook".
2020ko eta 20219ko zerga bilketak hobetu
Orain arte jasotako datuen berri ere eman dute: 2021 urteko aurreikuspenei erreparatuta, aurrekontuarekin alderatuta, 527 milioi eurotan hobetu da itxierako aurreikuspena (+%11,3), eta 2020ko likidazioarekin alderatuta, berriz, hazkundea %11,7koa izango da, hau da, 541 milioi euro gehiago. Pozik agertu dira iazkoaz gain orain dela bi urteko zerga bilketa ere hobetu egiten dutelako: 2019an baino 152 milioi euro gehiago (+%3) biltzea aurreikusten da.
Datorren urtera begira jarrita, hazkundearekin jarraitzea aurreikusten badu ere Aldundiak, onartu dute ziurgabetasuna eragin dezaketen hainbat faktore daudela: energiaren prezioa, osagaien horniduraren krisia eta garraioaren garestitzea, besteak beste. Horregatik "zuhurragoak" izan dira eta 2021erako egindako aurreikuspenetan jasotakoa baino 180 milioi euro gehiago biltzea aurreikusi dute 2022an, hau da, %3,5 gehiago.
"Berri onak" udalendako
Udalen finantzaketaren kasuan ere berri onak daudela esan du Olanok: "Zerga bilketa ondo badoa baliabide gehiago izango direlako guztiendako". Horrela, urtearen itxierarako egindako aurreikuspenak betetzen badira 553 milioi euro izango dituzte lurraldeko udalek, aurrekontuan jasotakoa baino 55 milioi euro gehiago.
Diputatu nagusiak aurreratu duenez, Aldundiak udalekin banatuko du Gipuzkoari dagokion defizit muga, hau da, 53 milioi euro eta horietatik, %40 udalei utziko diete (21 milioi). Azkenik, 2022 urteari begira, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak hazten jarraituko duela esan dute, egindako aurreikuspenen arabera, 568 miloi euro izango baititu.
Hona hemen 2021eko Foru Funtsaren aurre-likidazioa Debagoieneko udalei dagokienez:
Herria | Likidazioa 2020 | Aurrekontua 2021 | Aurreikusitako itxiera 2021 | Euro kopurua biztanleko |
Antzuola | 1.384.725 | 1.417.793 | 1.574.913 | 749 |
Aretxabaleta | 4.556.652 | 4.788.666 | 5.319.371 | 749 |
Arrasate | 14.385.087 | 14.786.665 | 16.425.330 | 744 |
Bergara | 9.520.377 | 9.827.566 | 10.916.662 | 745 |
Elgeta | 742.146 | 763.642 | 848.269 | 750 |
Eskoriatza | 2.673.378 | 2.731.743 | 3.034.476 | 739 |
Leintz Gatzaga | 214.727 | 227.521 | 252.735 | 1.165 |
Oñati | 7.416.657 | 7.656.624 | 8.505.135 | 740 |