"Nire aita Elorregikoa da eta lotura handia daukat auzoarekin. Hemengo Sakone baserrian ikasi genuen sagardoa egiten eta gero, apurka-apurka, gure sagastia jarri genuen Arrasaten. Duela bizpahiru urte, Arrasateko Bertako Produktuen Azokara eraman genuen dolarea eta sagarra birrintzen aritu ginen. Gaur, Elorregiko Sagardo Egunean izan gara", gaineratu du Garitaonandiak.
Bestalde, Jesus Mari Elkoro arrasatearrak jostailu bat eraman du Elorregira, "umeak, entretenitzeaz gain, ikus dezaten nola birrintzen den sagarra". Halaber, Elgoibarko Lizagasar sagartokiko kideak ere izan dira, sagarrarekin egindako askotariko produktuak saltzen: marmelada, zukua, ozpina, sagardoa eta abar. Azkenik, sagar zukuaz eta sagardoaz gain, gosea asetzeko, saiheskia egin dute parrillan.
Garitaonandiak aitortu du Sanprubus-ak lortu duela inguruari bizia ematea baina are gehiago dinamizatzea dela Sagardoaren Egunaren helburua. Hala, gaur batutako dirua Elorregiko auzoan geratuko da eta, aurrera begira, gaurkoaren balorazioa egin ostean, erabakiko dute urteroko hitzordua izango den ala ez. Hala bada, zein formatutan egingo duten ere aurrerago erabakiko dute.
Komun bat behar dute, "behingoz"
Aukera baliatuta, salatu dute komunik ez dagoela oraindik Elorregiko biribilgunearen inguruan. "Ordua da, behingoz, komun bat jartzeko. Hiru herriren erdian dago, geroz eta mugimendu gehiago egoten da eta beharrezkoa da", azpimarratu dute.