Igor Olalde aretxabaletarra eta Nerea Otxoa arrasatearra Hiru Haundiak lasterketan onenen artean izan dira. Lehenengoa podiumera igotzeko lehian ibili zen (12.02.56): "Lehenengo sailkatua [Julen Martinez de Estibariz] beste maila batean zegoen. 50 minutu pasatxoko tartea atera zidan, baina gainontzekoak koska berean geunden; halakoetan, detaile txikiak izaten dira erabakigarriak. Lasterketa amaitu eta egunetara pena apur bat ematen du podiumetik horren gertu geratu izanak, baina oso kontziente naiz atzetik bosgarren eta seigarren sailkatu zirenek ere gauza bera esan dezaketela. Oso pozik nago egindako lanarekin", adierazi dio aste barruan Olaldek GOIENAri.
Nerea Otxoak ere gozatua hartu zuen egubakoitz gauerditik zapatura bitartean (18.18.11). "Hasieratik indartsu ikusi nuen neure burua eta lasterketako tarte guztietan ondo ibili nintzen. Hasieran pasatu nuen txarto, Gorbeian geundela, frontala bateriarik gabe gelditu zitzaidan eta Otxandioraino argi barik egin behar izan nuen... Orduan, jaitsiera nahiko arriskutsua izan zen eta oso gaizki pasatu nuen. Ez nuen ezer ikusten! Atzekoek frontalekin argiztatzen zuten zerbait, baina ez duzu berdin ikusten. Unean, beraz, haserretu egiten zara eta urduritasuna ere sartzen zaizu. Gero, buelta ematea lortu nuen".
Bikain prestatu barik
Debagoieneko bi mendi lasterkariek aitortu dute proba ezin izan dutela bereziki prestatu, eta hor hobetzeko tarte handia dute oraindik. "Bigarren urtea da egiten dudana, eta aurtengoa aurrekoa baino gutxiago prestatu dut", dio Olaldek. "Udan ez nuen garbi lasterketa egingo nuen ala ez, eta hilabete baten faltan prestatzaile fisikoekin egon nintzen, eta haiek proposatutako entrenamenduak bete ditut denbora tarte horretan. Bolumena landu ordez kalitatezko lan-saioak egin ditut, eta ondo irten da apustua. Baina lasterketaren azken zatian freskoago egoteko udan bolumena gehiago landu beharko nukeen. Baina denbora gutxian oso lan ona egin dut".
Otxoaren kasuan ere entrenamendua ez da nahi modukoa izan. "Halakoetan beti esan ohi dut: bi aste gehiago izango banitu... Inoiz ez da nahikoa, baina prestaketari ere ezin zaio eskaini horrenbeste denbora. Astean zehar gutxi entrenatzen naiz eta asteburuetan lan-saio luzeagoak egiten ditut. Niri gehiago entrenatzea gustatuko litzaidake, baina...".
Hala, bi protagonista horietako bakarra izango da domekan Oñatin, baina ez du dortsalik jantziko. "Eguazten eguerdian joan nintzen korrika apur bat egitera; etxekoek esaten zidaten atseden hartzeko, baina probatu egin gura nuen. Segituan konturatu nintzen ezetz, tarte batean ez dudala lasterketarik egingo. Bada, dortsala etxean utzi eta lagunak animatzera joango naiz Aloñara". Otxoak, berriz, ez zuen izen-ematerik bete Oñatiko lasterketarako: "Pena hori dut; izan ere, urteren baten Aloñako Igoera gustura egingo nuke, oso erreferentzia onak ditudalako, sekulako inbidia ematen dit. Baina gogo onez hartuko dut atseden", dio, barrezka.