Mikel Laskurain eta Ane Gabarain dira gaur, egubakoitza, Bergarako Seminarixoan estreinatuko duten Kottauak antzez- laneko protagonistak. Azkenaldian elkarrekin egin dituzten beste lanetan moduan, oraingoan ere bikote paperean sartuta. "Bederatzi urteko harremana du bikote horrek eta hamalau hilabeteko sexu-lehortea ere bai. Euren arteko arazoak dituzte; bakoitzak bere arazo psikologikoak eta traumak ditu, eta batak besteari botatzen dio kulpa. Lezon egin genuen aurrestreinaldia orain dela bi aste eta asteburuan egin ditugu azken entseguak, eta gogotsu gaude gaurko estreinaldirako. Ane eta biok oso ondo konpontzen gara, besteak beste, izaeran, antzerako samarrak gara eta", azaldu du Bergarako Mikel Laskurain aktoreak.
HELDUENTZAKO BI ANTZEZLAN IZANGO DIRA BERGARAN ETA ARRASATEN IKUSGAI, HURRENEZ HURREN
Ameriketako Estatu Batuetara ikasturtea egitera doazen bi neska gazteren azalean sartuko dira, berriz, Miren Arrieta eta Nerea Mazo domekan Amaia antzokian eskainiko duten Ameriketako bidaia ikuskizunean. "Aireportuan ezagutu dute elkar, eta abiapuntu moduan ikusten dugu aurreiritzi oso markatuak eta kontrajarriak dituztela amerikarrei buruz. Nik antzezten dudan Mariarentzako, amerikarrak yankiak dira, berekoiak, kontsumistak, burbuila baten bizi direnak... Eta Jonek, berriz, film amerikarren irudia du buruan; hau da, institutuetako dantzaldiak eta kontu horiek guztiak, baina, istorioak aurrera egin ahala, biziko duten abentura txiki baten eraginez –euren lehen aste amerikarra ez da-eta oso gozoa izango–, dituzten aurreiritziak aldatu egingo direla ikusiko duzue. Ezagutzen ez ditugun herrialdeekiko edo herrialde horretako biztanleekiko aurreiritzirik ez izatearen garrantzia nabarmentzen dugu, eta, era berean, oinarrian komedia bada ere, istorioan oso presente daude gaur egungo hainbat gai gordin, esaterako, Hego Amerikatik Ipar Amerikara doazen immigranteen egoera", dio Miren Arrietak.
"Txortaldi bateko ikusle"
Anthony Neilson Eskoziako antzerkigilearen testuan oinarrituta moldatu du Getari Etxegaraik gidoia eta berak zuzendu du Kottauak gero. "Drama apur bat du, baina, oinarrian, komedia da", dio Laskurainek, eta zera gaineratu du: "Arazoa konpontzeko asmotan, terapia moduan, agertoki batera igo eta jendaurrean, publikoaren aurrean, txortan egitea erabakitzen dute. Istorioak aurrera egin ahala azalduko dira nondik datozen traumak eta zelakoa zen lehen euren arteko bikote-harremana. Berde samarra da, bai, baina lasai, zuri samarra ere bai. Eszenografia xumea da, 60ko hamarkadako dekorazioa duen etxeko sala bat irudikatu dugu".
Musika, osagaien artean
Getxon estreinatu zuten, urtarrilean, Bilboko Arriagan eskaini zuten, gero, eta, geldialdi baten ondoren, Tolosan abiatuko dute, gaur, Ameriketako bidaia-ren bira. Ez da musikal bat, nahiz eta musikak bere pisua duela gaineratu duen Arrietak. "Kantatu, dantzatu eta pianoa eta gitarra jotzen ditugu. Eszenografia sinplea da: aireportua da dekoratu nagusia, baina beste espazio batzuetara ere eramanago ditugu ikusleak, eta hori argi-jokoen eta proiekzioen bidez egiten dugu. Bereziki, 12 eta 14 urte bitarteko publikoarendako eskaintzea zen, hasiera baten, genuen asmoa, baina orain arte eskainitako emanaldietan denetariko publikoa batu dela ikusi dugu; erretiratu asko horien artean, eta horiek ere ederto pasatu dute".
Patxo Telleriak idatzi du gidoia, Mireia Gabilondo bergararrak zuzendu du eta Vito Rodrigo izan dute zuzendari laguntzaile lanetan. "Familiakoa modukoa da Mireia niretzako, txikitatik ezagutzen dut, aktore lanetan hasi aurretik, eta hala da Nerearentzako ere. Asko miresten dut aktore moduan eta asko gozatzen dut berak zuzentzen gaituenean. ETBko Goazen! telesailean ezagutu genuen elkar Nereak eta biok, eta oso ondo konpontzen gara harrezkero. Guretako sekulako eskola eta sekulako esperientzia aberasgarria izan zen Goazen!".
'SEMINARIXOA.EUS' ETA 'ARRASATE.EUS' ATARIETAN ETA LEIHATILETAN EROS DAITEZKE SARRERAK
Normaltasunerako "gogotsu"
Tanttakaren Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzezlanarekin ere ari da Arrieta, eta, osasun krisiaren eraginak bizi izan baditu ere, "zorteduna" sentitzen da. "Egia esan, ezin naiz kexatu, baina aitortu behar dut sekulako poza hartu nuela murrizketa neurriak bertan behera utzi zituztenean. Pozarren ikusi nuen aretoetako eserlekuetan hilabeteetan izan diren zintak kendu zituztela".
Bide beretik erantzun du Laskurainek: "Oso arraro ikusten ziren eserlekuak agertoki gainetik: zinta batekin estalita, batzuetan; eta eserlekuak kenduta, beste batzuetan. Desatsegina zen. Ea, bada, pandemia garaian publikoak erakutsi duen kulturarekiko gosea erakusten duen aurrerantzean ere".