Mamadou Sarr: "Teranga-k sistema osoa jartzen du zalantzan"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 8a, 13:46

Mamadou Sarr.

Bilboko Film Sozialen Laialdian proiektatuko dute laster Teranga dokumentala. Testigantzetan oinarritua, Bergarako Ndank Ndank elkarteak MUko ikasle talde batekin egindako elkarlana da. Bergaran bizi den eta Ndank Ndank elkarteko kide Mamadou Sarr da elkarrizketatuetako bat.

Ekainean aurkeztu zenuten Teranga. Zer-nolako harrera izan du?
Pozik gaude. Ez dago jakiterik
zenbat lagunengana iritsi den, baina Youtuben 1.900tik gora ikustaldi ditu, eta bada jendea zer-nolako sentimenduak eta hausnarketak eragin dizkion transmititu diguna. Polita izan da.

Urriaren 14an emango dute Bilboko Azkuna zentroan. Mahai inguruak egingo dira eta hainbat ikastetxetara ere helduko da. Garrantzitsua da?
Opari bat da guretzako. Gure
helburua zen ahalik eta gehien zabaltzea, eta honek aukera ematen digu jende gehiagorengana heltzeko. Gasteizen, Barakaldon eta Mungian ere proiektatuko da eta ikastetxeetan lanketa ezin hobea egingo dute.

Mezua ondo definitzeari garrantzi handia eman zenioten.
Bai; bestela, arriskua dago-eta
inongo hausnarketarik eragin gabe indarra kontu morbosoenetan jartzeko. Esaterako, pairatutako sufrimenduan, txalupan egindako bidaian... Garrantzitsua da errealitate gordina ezagutzea, baina ez pena sentimendua eragiteko, baizik eta hausnarketa bultzatzeko. Dokumentalak badu denuntzia puntu hori. Sistema osoa jartzen du zalantzan; izan ere, denok eduki beharko genituzke eskubide berberak.

Zoritxarrez, heriotza gehiago izan dira udan, eta ez bakarrik Mediterraneoan; Bidasoa ibaian bertan ere bai. Zer da agintariek ikusi nahi ez dutena?
Indarra Melillako hesian eta
Mediterraneoan jartzen da, baina datuek diote migrazioaren %16 dela bide hori erabiltzen duena. Portzentaje txikia bada ere, komunikabideek eta agintariek interesa dute hori erakusteko. Zergatik? Auskalo! Eta badago etenik ez duen baliabideen ustiaketa, izan Senegalen izan beste herrialde batzuetan. Nazioarteko itsasontzi modernoak dabiltza arrantzan Senegalen. Arrantza izanik kostaldeko familientzat ekonomia iturri nagusia, askoren pobrezia dakar arrantza horrek.

Indarrean den Atzerritartasun Legeak ez du laguntzen, ezta?
Ez da bidezkoa migratzeko
bide bakarra, batzuendako, legez kanpoko migrazioa izatea. Bide irregularretik etorri bazara, egin dezakezun tramite legal bakarra errolda da, eta hiru urte egon behar duzu erroldatuta bizileku-baimena lortzeko. Baina bizileku-baimena lortzeko lan kontratu bat behar duzu, eta, askotan, enpresariak paperak eskatzen dizkizu lan kontratua egiteko... Gurpil bat da.

Ndank Ndank elkartea hamar urte betetzear da. Zeintzuk dira gaur egungo proiektu nagusiak?
Jarraitzen dugu lan egiten
bai Euskal Herrian bai Senegalgo Dionewar herrian. Bi komunitateen arteko zubia indartzeko ahaleginean jarraituko dugu. Hurrengo hilabeterako, esaterako, lau senegaldar gazteren bisita dugu programatuta. Ea beharrezkoa duten baimena lortzen duten! Bestetik, Dionewarren bertan aukera berriak sortzen jarraitzen dugu; batez ere, gazteek ikus dezaten migratzea ez dela aukera bakarra. Kezkatuta gaude, baita ere, azkenaldian bizi izandako hainbat egoerarekin –lapurreta salaketa faltsuak–, eta arrazakeria lantzeko beharraz hausnartzera eraman gaitu horrek. Hortaz, horren harira ere lanean jarriko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak