Osasun zaintza izeneko egoera berri honetan, gizarteko osasun-arau orokorrak leuntzeaz gain, hezkuntza sisteman indarrean dagoen protokoloa ere malgutu du Jaurlaritzak. Gaur bidali da ikastetxeetara, eta datorren astelehenean jarriko da indarrean.
Lehen Hezkuntzari dagokionez, orain arteko burbuilak mantendu egin beharko dira ikasgela barruetan. Hori, baina, aldatu egiten da aire zabalera irtendakoan: maila bereko ikasle guztiak batera egon ahalko dira. Bestetik, maskararen erabilerari dagokionez, sei urtetik gorako LHko ikasleek beti erabili beharko dute maskara; bai eremu itxietan eta baita aire zabalean ere.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek, berriz, maskarak kendu ahalko dituzte aire zabalean; betiere, 1,5 metroko tartea bermatzen bada. Halaber, baldintza horiek betetzen badira, jarduera fisiko bizia egitean eta jaten edo edaten ari diren bitartean ere kendu ahalko dituzte.