Hasteko, argitu dezagun kontu hau, arrasatearra ala bergararra?
[Barre] Betiko zalantza! Bergaran jaio nintzen, baina 3 urterekin Arrasatera joan ginen bizi izatera. Horrenbestez, neure burua arrasateartzat daukat. 22 urte egin nituen arte Arrasaten bizi izan nintzen, Athleticek fitxatu ninduen arte.
Izan ere, Meatzerreka auzoan kokatu izan zaitut beti...
Halaxe da; Meatzerrekan baserri txiki bat erosi genuen, eta han bizi izan nintzen gaztetan, bai.
Eta UDAkoa ala Mondrakoa?
Bi taldeetako oroitzapen ederrak ditut, eta hainbat joan-etorri egin nituen bi klub horien artean. Gaztetan, eskolako futbol taldetik Mondrara egin nuen salto zenbait lagunekin batera, orduan jokalari. Gero pasa nintzen atezain postura, baina Mondra Hirugarren Mailara igo zenean ez nuen askorik jokatu, eta UDAra joateko konbentzitu ninduten. Orduan Aretxabaleta Preferente Mailan zegoen, eta nik jokatzeko beharra neukan. UDAn urte oso polita egin eta gero, Mondrara bueltatu nintzen ostera ere, eta Bigarren B Mailara igotzeko promozioa jokatu genuen [1992-93 denboraldia]. Ondo gogoan dut orduko taldea: Inaxio Garro, Iker Egaña, Maturana, Carrillo, Fermin, Aranburuzabala, Txosa, Iban Aranguren, Igor Gordobil, Asier Lopez, Alberto Urretxu, Urbina... Eta Gasteiztik etorri ziren Moreno eta Juanjo ere bai. Norbait ahaztuko zitzaidan, baina tira... Ondoren, UDAra bueltatu nintzen ostera ere, eta handik Cultural de Durangok fitxatu ninduen. Durangoko taldearekin, berriz, Bigarren B Mailara igo ginen [1994-1995], eta orduan fitxatu ninduen Athleticek.
Kirol ibilbideko urte oparoenak Bilbon egin zenituen [1996 eta 2001 artean ligako 140 partidu ofizial jokatu zituen Athleticekin], eta ondoren jokatu zenuen Rayo Vallecanon, Leonesan eta Eibarren. Baina Ingalaterrako ligak gertutik ezagutzeko arantza geratu zitzaizun?
Bai. Pentsa, birritan izan nintzen hango taldeekin astebetez entrenatzen. Lehenengo aukera Premier Leaguen zegoen Boltonekin izan nuen, eta ondoren beste aukera bat izan nuen Queens Park Rangers taldean. Baina aukera haiek ez ziren gauzatu.
Horrek bultzatu zaitu atezain entrenatzaile lanetan Ingalaterrara joatera?
Beti nahi izan dut Ingalaterran futbola zelan bizi duten gertutik ikusi. Athleticeko atezainekin lanean ibili eta gero, duela bizpahiru urte lagun baten eskaintzari esker iritsi nintzen Luton futbol taldera, Londresko iparraldera, Ingalaterrako Bigarren Mailara. Eta, orain Manchester Cityra joateko aukera ere, neurri handian, orduan egindako kontaktuei esker lortu dut.
"Atezain moduan Ingalaterran jokatu ez izanaren arantza geratu zitzaidan. Bi saiakera egin nituen, baina ez ziren gauzatu"
Izan ere, Lutongo egonaldia pandemiak eten zuen.
Bai; liga amaitzeko zazpi jardunaldi geratzen zirenean eten ziguten klubeko hainbati kontratua, eta etxera etorri nintzen. Lehenago, Lutonen lanean nengoela gogoan dut Manchester Cityk Notthingam Forest taldera utzita zeukan atezain baten atzetik nenbilela. Gure atea indartu gura genuen eta Aro Muric fitxatu gura genuen. Bada, Xabier Manzisidorrekin harremanetan jarri nintzen; ordurako, Cityn zegoen, eta euren atezainaren gainean erreferentziak eskatu nizkion. Fitxaketa ez genuen gauzatu, baina harremana mantendu nuen Manzisidorrekin. Hala, duela hilabete batzuk, haren bitartez iritsi zitzaidan Ingalaterrara itzultzeko aukera, Manchester Cityko harrobiarekin lan egitera. Esan zidan norbait behar zutela nire esperientziarekin, klubeko harrobiko atezain gazteekin abian jarrita zeukaten metodologiari nire ekarpena egiteko. Eta oso pozik nago, hiru atezain entrenatzailerekin dihardut lanean.
Aldea egongo da Luton moduko klub baten eta Manchester Cityren artean.
Bai; Manchester City klub handia da. Lehenengo taldeko kideak aparte egoten dira lanean, eta ni gehiago nago akademian; hala, gure egunerokoa ez dugu eurekin partekatzen, nahiz eta aste barruan hainbatetan izaten naizen Xabier Manzisidorrekin. Euren entrenamendu saioak ere gertutik jarraitzen ditugu. Juanma Lillorekin, Txiki Begiristainekin... Tratu pertsonala oso gertukoa da lehenengo taldeaz arduratzen direnekin. Bestalde, gure egunerokoan egokitu egin behar izaten dugu Pep Guardiolak lehenengo taldean dituen beharretara. Batzuetan, 10-15 jokalari gazte hartzen ditu goiko taldean entrenatzeko, eta besteekin jarraitzen dugu lanean. Batzuetan, jokalariak eurak ere zorabiatu egiten ditugu apur bat, baina tira [Barreak], garbi dugu horretarako gaudela.
Ze ezaugarri behar dira Ingalaterran atezain izateko? Espainiako Ligan, esaterako, baloia hanketan atezainek geroago eta trebeagoak izan behar dute.
Ingalaterra ezberdina da. Han atezainari fisikoki indartsua izatea eskatzen zaio, eta ausarta. Hango atezainak 1,90 neurtu behar du; aurrelariek oso gorpuzkera handia dute eta atezaina ezin da euren aurrean kikildu. Baloi geldiko jokaldi asko dituzte, faltak, kornerrak... Atezainak inguruan jokalari mordoa izaten ditu oso gertu, eta area txikian agindu beharra dago. Gainera, Ingalaterran zaleak oso zorrotzak dira atezainekin, eta presio handia izaten dute. Atea hutsean mantentzea asko baloratzen dute zaleek.
"Ingalaterran futbolzaleek talde bakarra dute, eta berdin du ze kategoriatan dauden. Han pentsaezina da Notthingam Foresteko zale bat Premierreko beste talde bat animatzen ikustea, nahiz eta bere taldea hirugarren mailan egon"
Zorrotzak, baina, aldi berean, atezainak kontratatzen dirutza xahutzeko kapaz dira klubak. Hori bai, normalean, kanpora jotzen dute: Cityk eta Liverpoolek Brasilgo Ederson eta Alisson Becker dituzte. Chelseak Kepa Arrizabalaga eta Edouard Mendy ditu, Manchester Unitedek De Gea, Tottenhamek Hugo Lloris, Arsenalen Bern Leno alemana ibili da jokatzen... Zerrenda amaigabea da.
Bai, eta horregatik hasi ziren Manchester Cityn metodologia propioarekin lanean. Gainera, brexit-aren ondorioetako bat da debekatu egin dutela 18 urtez azpiko atzerriko jokalariak fitxatzea, eta, noski, horretarako joera handia dagoen tokian hori arazoa da. Denbora behar da gazteekin lan egiteko, gorpuzkera handiko atezainak daude harrobietan, baina gaztetatik falta izan zaie atezain batek izan behar dituen beste ezaugarri batzuk lantzea; horretan gabiltza.
Eta, hala ere, Espainiako Ligako puntako atezainei kosta egin zaie Premierren egonkortzea.
Ez da erraza, lehen aipatu dugu. Kepa Arrizabalagarekin, esaterako, sei urtez egon nintzen Athleticen lanean. Chelsean egin zuen lehenengo urtea oso ona izan zen, eta gero, talde osoaren mailak egin zuen behera. Emaitzak okertzen hasi ziren, eta Keparengan jarri zuten fokua, kanpaina moduko bat egin zuten fitxaketa garestia izan zelako. Orain, mentalitatea aldatu du, hobeto ikusten dut.
Esanguratsua da Ingalaterrako Bigarren Mailak, Championship deritzonak, zelako maila duen, zale kopurua... Han jendeak talde bakarra du, eta hemen, urrun joan gabe, Realak ibili behar izan du Ez dut bigarren talderik moduko kanpainak sustatzen.
Ikusgarria da, beheko kategorietako klubek ere sekulako futbol zelaiak dituzte, harmailak jendez beteta... Han Notthingam Foresteko zale bat inoiz ez da izango Liverpool edo Manchesterreko jarraitzaile, nahiz eta bere taldea Hirugarren Mailan egon. Dena dela, nik ezagutu ditut Barakaldoko zaleak ez direnak Athleticeko jarraitzaile. Barakaldokoak dira, kito.
Brexit-a ere aipatu duzu. Ez dakit zein den hango benetako egoera, baina hemengo telebistak Ingalaterrako gasolindegietan jendea mutur joka erakusten dabiltza.
Etxera etorri naizenean nik ere ikusi dut hori, baina han ez dut halako egoerarik bizi izan; Manchesterren, behintzat, ez dago arazorik. Ez gasolindegietan, ez supermerkatuetan.