Bost kasu baieztatu dira bailaran eta intzidentziak gora egin du

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 7a, 12:44

Bi kasu erregistratu dira Oñatin eta bana Arrasate, Bergara eta Eskoriatzan. Hala, pandemia hasi zenetik, 9.200 debagoiendarrek harrapatu dute COVID-19a. Bestetik, azpimarratzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoak 60tik beherako tasa izan duela, eta hortaz, eremu berdean dela.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

52ko tasa Debagoienean

Irailean koronabirus kasuak nabarmen egin zuten behera, baina urriaren hasiera gorabeheratsuagoa izan da eskualdean; azken hiru egunetan 22 kasu erregistratu dira. Osasun neurri gehienak indargabe geratu dira gaur, eta testuinguru honetan, azpimarratzekoa da Debagoienean intzidentzia-tasak gora egin duela. Duela astebete, 43,2ko tasa erregistratu zen eta 33ra ere iritsi da aste honetan; atzo, baina, 52,46ko datua izan zuen eskualdeak.

Herriei erreparatuta, azken orduetan ez da kolore aldaketarik izan, baina esan behar da Oñati eta batez ere Bergara eremu horitik oso gertu kokatu direla. 52,32ko tasa du Oñatik eta 59,86koa Bergarak.

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

EAE, 60tik behera

Euskal Autonomia Erkidegoak 59,19ko intzidentzia-tasa erregistratu du, eta eremu berdean dela esan daiteke. Behera egin du tasak, behera egin dute positiboek eta behera egin du erietxeetako okupazioak, baina oinarrizko birsorkuntza datuak eragiten du kezka.  R0 datua 0,94ra igo da eta 1etik gorakoa da Araba eta Gipuzkoan; horrek esan nahi du pandemia hedatu egin dela bi lurraldeetan:

Positibo berriei lotuta, 88 kasu atzeman dira; proben %1,5k eman du positibo: 39 kasu baieztatu dira Bizkaian, 30 Gipuzkoan, hamazazpi Araban eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

EAEko ospitaleei erreparatuta, aurreratu bezala, okupazioak behera egin du. ZIUetan aurreko egunean baino lagun gutxiago dago (31) eta duela astebete baino sei gutxiago; eta plantan aurreko egunean baino zazpi gutxiago daude (40) eta duela astebete baino 26 gutxiago.

Guztira, 71 lagun daude erietxeetan COVID-19aren ondorioz, eta Debagoieneko Ospitalean ez dago ospitaleraturik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak