- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Aramaio, laranja kolorez
Bi positibo berri erregistratu dira Aramaion azken orduetan –hamalau egunetan, bost pilatu dira–, eta intzidentzia-tasa 337,84ra igo da; eremu horitik laranjara igaro dira aramaioarrak.
Gainerako herriei dagokienez, mapa berdin mantendu da:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
60ra jaitsi ezinda
EAEko intzidentzia-tasa apurka-apurka ari da behera egiten –1,23 puntu egin ditu behera oraingoan–, baina oraindik ez du lortu 60ren azpitik kokatzea: 62,05eko tasa du. Esan behar da astebetean ia 20 puntu egin dituela behera, baina geroz eta mantsoago dihardu.
Hau da lurraldeen egoera:
Azken proben emaitzei dagokienez, 5.327 test diagnostikotatik %1,7k eman du emaitza positiboa; hau da, 92 herritarrek. Lurraldeetan banatuta, 44 izan dira gipuzkoarrak, 35 bizkaitarrak, hamar arabarrak eta hiru gainerako lurraldeetan erroldatutakoak.
Bestetik, pandemiaren hedapena neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gora egin du, eta 0,80an kokatu da. Halere, 1etik behera jarraitzen du abuztuaren 18az geroztik.
ZIUetako okupazioak behera
Aurreko astean 39 lagun zeuden erkidegoko ZIUetan, eta azken datuaren arabera, 34 daude. Nabarmen egin dute behera egoera larrian dauden gaixoek.
Labiren bilera, gaur
16:30ean batuko da Labi, eta 17:00etan egingo du agerraldia Iñigo Urkullu lehendakariak. Aurreikuspenen arabera, neurri gehienak indargabetuko dira eguenetik aurrera, eta zenbait hedabidek argitaratu dutenez, Labi desegin egingo da.