Pfizerrekin txertatutakoek hirugarren dosi bat hartzea gomendatu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 4a, 18:30

Herritar bat txertoa jasotzen, Debagoieneko ospitalean.

Pfizerren txertoaren hirugarren dosia herritar guztiei jartzea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziak. Bigarren dosia jaso eta sei hilabetera eman beharko litzateke hirugarrena. Herritar immunodepresiboen kasuan, hirugarren dosia pauta osoa hartu eta 28 egunetara ematea aholkatu dute.

Gaur bildu da agentziaren Gizakientzako Botiken Batzordea, Pfizer/BioNTech konpainiek hirugarren dosiaren inguruan bidalitako datuak aztertzeko. Ondorioztatu dutenez, 18 urtetik gorakoei hirugarren txertoa jar dakieke, bigarren dosia eman eta sei hilabeteren buruan. Konpainion datuen arabera, antigorputz kopurua handitu egiten da 18 eta 55 urte artekoei hirugarren dosia sei bat hilabetera ematen zaienean.

Agentziak nabarmendu du estatuetako osasun agintariek erabakiko dutela ofizialki hirugarren dosia gomendatu ala ez, txertatze kanpaina zein aurreratuta dagoen eta dosiak badauden ikusi ostean.

Modernaren kasuan, "aztertzen"

Agentzia aztertzen ari da Modernaren txertoa jasotakoek indartzeko dosi bat behar ote duten. Esan dutenez, oraindik ez dakite noiz aurkeztuko duten ondorioa.

Immunitate sistema ahulduta daukaten pertsonen kasuan, agentziak adierazi du hirugarren dosiak handitu egiten duela COVID-19aren aurkako antigorputzak sortzeko ahalmena, organo transplante bat jaso duten pertsonengan. Edonola ere, agentziak onartu du ez dagoela "froga zuzenik" esateko pertsona horietan antigorputz gehiago sortzeko ahalmena areagotzeak gaitzaren aurka babestuko dituenik. Hala ere, espero dute gaixoetako batzuen kasuan behintzat babestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak