'TicketBAI'ri buruzko zalantzak argitzeko arreta zerbitzua jarri du Aldundiak Bergaran

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 4a, 15:27
Bergarako Ogasunaren egoitzan TicketBAIren inguruko arreta zerbitzua jarri dute

Enpresa zein profesionalen jarduera ekonomiko guztiaren digitalizazioa helburu, 2022an zehar derrigorrezkoa izango da TicketBAIren aplikazioa jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztientzat. Gaur ireki dute Bergarako Ogasunaren egoitzan zalantzak argitzeko arreta zerbitzua, eta ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu den Jokin Peronak TicketBAI fakturazio softwarearen inguruko zalantzak argitzeko arreta zerbitzuak ireki dituztela iragarri du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egindako agerraldian. Izan ere, jarduera ekonomiko guztiaren digitalizazioa helburu, 2022an zehar Gipuzkoako Arau Fiskalak aplikatzen dituzten enpresa eta profesional guztiek beren fakturazio prozesuetan txertatu beharko dute, ezinbestean, aipatutako softwarea.

"Arreta zerbitzu berri hauen helburua informazioa zuzenean ematea da, zergadunak izan dezakeen edozein zalantza edo kezka argitzea", Peronaren hitzetan. Eta zerbitzua eskaintzen duten lurraldeko zazpi egoitzetako bat izango da Bergarako Foru Ogasunaren bulegoa. Zalantzak argitzeko ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea, 943 11 30 00 telefonora deituz edota Gipuzkoako Foru Ogasunaren webgunean eskatuz

Zer da TicketBai?

Gipuzkoako Foru Osagunak enpresa eta profesionalentzat abian jarri duen sistema informatikoa da, eraldaketa digitalerako bidean, salmentei buruzko informazioa denbora errealean biltzeko helburuarekin. Orain arte bezala, produktu edo zerbitzu bat saltzean faktura edo tiket bat egin beharko dute enpresa eta profesionalek; eginbeharraz harago, egiteko moduan egongo da, beraz, aldaketa.

Salmentaren faktura edo tiketak balioztatzean, QR kodigo bat duen dokumentu bat sortuko du zuzenean TicketBAIk, eta eroslearentzat, enpresa eta profesionalentzat zein Foru Ogasunarentzat izango da baliagarria. Lehenek faktura "behar bezala egiaztatu dela ziurtatu eta iruzur fiskala saihestu ahal izango dute"; bigarrenei derrigorrezkoak diren zerga obligazioak betetzea "erraztuko" zaie, "faktura guztiak modu seguruan eginez, antolatuz eta erregistratuz" zein diru-sarreren liburua modu automatikoan osatuz; hirugarrenek, aldiz, "modu azkar eta gardenean" lurraldeko salmentei buruzko informazioa bildu ahal izango dute.

Uztailean software berriaren inguruko informazio eta azalpen osatua eman zuen Gualbi Aholkularitza zerbitzuko Fernando Gutierrez Garatek Goiena Telebistan

2021ean borondatez, 2022an derrigorrez

Gaur egun borondatezko epean dago softwarearen erabilpena, baina 2022an zehar derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako Arau Fiskalak aplikatzen dituzten enpresa eta profesional guztientzat. Zehazki, zerga-kudeaketarako profesionalentzat urtarrilaren 1etik aurrera, jarduera profesionaletan aritzen direnentzat martxoaren lehenaren ostean, maiatzaren 1az geroztik merkatari eta ostalarientzat, urriaren lehenetik aurrera eraikuntza, garraio, aisialdi eta kultura zerbitzuentzat, eta urteko azken hilabetean, aldiz, fabrikazio, telekomunikazio eta finantza enpresentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak