Bi positibo baieztatu dira asteburu osoan

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 4a, 12:47

Egubakoitzetik atzora arte bi kasu erregistratu dira Debagoienean: bat Aramaion –egubakoitzean– eta bestea Aretxabaletan –zapatuan–. Atzo, domeka, ez zen positiborik hauteman, eta hala, intzidentzia-tasa 33,94ra murriztu zen. Bestetik, Eskoriatza eremu horitik berdera igaro da.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, berdea nagusitzen ari da bailaran; Eskoriatza izan da azken orduetan berdera batu dena (48,74ko tasa du). Bestetik, bailarako intzidentzia orokorrari dagokionez, astebetean erdira murriztu da: 67,89tik 33,94ra.

Herri guztietako datuak daude hurrengo mapan:

>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

EAE, eremu berdetik gertu

Intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du erkidegoan ere, eta Osasun Sailak markatutako helburutik inoiz baino gertuago dago: 63,28ko tasa du.  Gogoratu behar da tasa 60ren azpitik kokatzen bada, erkidegoa 1. agertokira igaroko dela; hots, transmisio baxuko agertokira. Bihar elkartuko da Labi, neurriak arindu edo ez erabakitzeko.

Positiboei dagokienez, atzo egindako 3.602 proben %1,9k eman du emaitza positiboa Euskal Autonomia Erkidegoan; hau da, 67 herritarrek. Lurraldeka banatuta, gehienak Gipuzkoan atzeman ziren (37), ondoren Bizkaian (21), Araban (sei) eta, bukatzeko, bestelako lurraldeetan (hiru).

Positibotasunak behera egiten jarraitzen du astetik astera, eta grafiko hau da horren adierazle:

Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuari lotuta, asteburuan berdintsu mantendu da. Atzo 0,83koa izan zen.

100etik behera, ospitaleetan

EAEko ospitaleetan, 39 lagun daude ZIUn (aurreko astean baino bi gutxiago) eta 57 plantan (aurreko astean baino 67 gutxiago). Horrenbestez, guztira, 96 dira erietxeetan daudenak COVID-19aren ondorioz. Aspaldiko daturik baxuena da; batez ere, plantako beherakadak eraginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak