Entretenitzeko tresna soila baino gehiago, gauza berriak ikasteko eta gai edo gertakari askoren gainean hausnartzeko tresna baliagarritzat dute antzerkia DAPekoek, eta, horregatik, eskualdeko herri guztietan antzerkiarekin gozatzeko eta diziplina horretan trebatzeko aukerak bermatu gura dituzte.
"Gure asmoa herri guztietan gutxienez ikastaro bat abiatzea zen, baina, oraingoz, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin izango dira formakuntza saioak. Emaitzarekin gustura gaude, hurbilduko ez zitzaigun jende asko gureganatu dugulako, eta hori zerbaiten isla da, baina bidea egiteko dagoela ikusten dugu, bereziki, herri txikiagoetan. Izen emateak izan dira, baina taldeak osatzeko nahikoak ez; hortaz, talderik atera ez den herrietan ikastaro trinkoak eta puntualak antolatuko ditugu urtean zehar, jendeak antzerkiarekiko duen beldurrari aurre egiteko. Gai zehatz batzuk jorratzeko asmoz, arloko jende interesantearekin harremanetan ari gara, eta uste dut jendeari gustatuko zaiola", dio DAPeko kide Josu Zubiak.
Asterokoak, hiru herritan
Arrasaten Doke antzerki taldea, Bergaran Jardun Euskara Elkartearen babesa duena eta Oñatin Irazan antzerkigunea daude, eta aurreko urteetako eskaintza handitzea lortu dute hirurek. "Dokek martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan ikastaro bana eskainiko du; helduentzako eguaztenetan izango dira, eta haurrentzako eta gazteentzako dira besteak. Haurrentzako eta helduentzako talde bana dago Oñatin, eta asteburuko ikastarorako jendea animatu da, baina talde bat osatzeko nahikorik ez, oraingoz. Bergaran ere oso harrera ona izan du; haurrentzako eta gazteentzako izango dira egubakoitzetan eta helduentzako martitzenetan. Aretxabaletan, berriz, jende askok eman du izena, baina, ordutegiak zehazteko orduan, atzera egin dute hainbatek; hala ere, interes handia dagoela sumatzen dugu, eta baliteke Aretxabaletan antolatzea ikastaro trinko horietako bat".
Izena emateko epea amaitzear dago, baina oraindik badago aukera, dantzerkiplat@gmail.com helbidera idatzita.
Inkesten emaitzekin "pozik"
Antzerkirako tresnak eskaintzeaz gainera, eta bestelako arloetan eragiteko asmoz, azken hilabeteetan DAPek inkesta batzuk egin ditu eta askotariko profiletako pertsonengana heldu da. "Oso eskertuta gaude zabalkunde eta erantzun handia izan duelako, eta gure usteak errealitatearekin bat datozela erakutsi digute. Norbanakoek, orokorrean, eta baita erakundeetan ere, ikuskizunarekin oso lotuta ikusten dute antzerkia, baina, gure ustez, kultur proiektu batek eragiteko kapazitatea edukitzeko, ezin da erakusleiho horretara mugatu. Kultura proiektu baten adar guztiak orekatuta egotea ezinbestekoa da. Ikuskizunari besteko garrantzia eman behar zaio, esaterako, sormenari, ikerketari, eta baita kultura-bitartekariei ere; hortaz, beharrezkoa ikusten dugu aukera horien guztien berri ematea".
Antzokietara joaten den publikoa ere landu beharreko arlo moduan ikusten du DAPek. "Salbuespenak dauden arren, orokorrean, 40 urtetik gorako emakumeak dira, gehienbat, eta arlo horretan ere lan egin beharra dagoela erakutsi digute inkestek. Bestetik, gure herriko eskaintzara mugatzen garela erakutsi digute, eta ez dugula, orokorrean, alboko herriko antzokira joateko ohitura handirik. Era berean, sarreren prezioa aztertzeko gaia da, ez gaude antzerkiagatik ordaintzera ohituta".