Pandemiarekin ugaritu egin den beste errealitate bat: kaleko edana

Maialen Santos 2021ko urr. 4a, 09:14

Bergarako sasoi bateko Asto-tokia, gaur egun Gaztegain, aurreko eguneko kale zurrutaren arrastoak agerikoak direla.

Pandemiaren eraginez azken asteetan kale zurruta areagotu egin dela-eta, lan pedagogikoa egiteko ekimena abiatuko dute Bergarako udalbatza osatzen duten hiru alderdiek. Ertzaintzak esan du jende kopuru handia elkartzen dela bilkuretan.

Osasun-krisiari lotutako neurri murriztaileek ondorio ugari ekarri dituzte; tartean, pandemiaren aurretik ere egiten ziren botila festen areagotzea. Ostalaritza-establezimenduen itxiera ordutegiak aurreratu egin dituzte krisiaren eraginez, eta gazte lokalak itxita egon dira azken hilabeteetan. Horrek eragin du gero eta gehiago izatea kalean edateko asmoz elkartzen den pertsona kopurua.

Herrigunetik aldenduta dauden guneetan elkartzen dira sarri. Bergarako kasuan, Gazte Gainera edo San Martzialera joaten dira asko; Oñatin, bestetik, Mondragon Unibertsitatearen atarian elkartu ohi dira; eta Arrasaten, aldiz, Santa Barbara parkean. Horri lotuta, Debagoieneko herrietako udal ugari neurriak hartzen hasi dira azken asteetan.

"Arazo" bilakatuta

Bergarako Udaletik adierazi dutenez, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz "ugaritu" egin den ohitura da kaleko edana, eta horren aurrean lan pedagogikoa egiteko ekimena abiatuko dute. Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek –EH Bildu, EAJ eta PSE-EE– adostu dute "lanketa bateratu bat" egitea, eta gazteekin lotura duten eragileekin bilerak egingo dituztela eman dute aditzera.

Hain zuzen, asteon egindako iraileko osoko bilkuran berbagai izan dute gaia. EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategiren arabera, bi modu daude "konplexua" den arazo horri aurre egiten saiatzeko: "Bat da poliziaren bidez kontrolatzea eta debekatzea, eta beste aukera bat da eragileekin epe luzeagorako lanketa egitea. Ez genuke arazoa konponduko Bergarako leku zehatz batzuetan debekatuko bagenu, ez dugu horretan sinesten. Sinesten dugu lana beste era batera eginda gauzak alda daitezkeela".

EAJ aspalditik dago kezkatuta. "Oposiziotik gertutik egin diogu jarraipena gaiari. Kontziente gara ez dela Bergarako arazoa bakarrik baina gu bertan bizi gara eta hemen dugun arazoari aurre egin behar diogu, edo gutxienez birbideratu. Egoera pandemikoak hobera egin duen arren garrantzitsua da guardia ez jaistea", esan du EAJko bozeramaile Irune Galarragak.

Amaitzeko, PSE-EEk uste du "beharrezkoa" dela gazteei erantzukizuna eskatzea: "Irteten ari gara, baina badago arrisku pandemikoa. Konturatu behar dira suarekin jolasean dabiltzala. Gai izan behar gara helarazteko kale edana gaizki dagoela, pandemia aurretik ere debekatuta zegoela. Adostasun politikoa urrats garrantzitsua da".

Helburua da kaleko edanean aritzen direnak "kontzientziatzea, gaueko aisialdiak bizilagunei eragozpenik sor ez diezaien eta zikinkeriarik sor ez dezan".

"Elkarrizketa eta errespetua"

Gaineratu dute arazoa "globala" dela, eta erantzunak ere hala behar duela, baina, herri mailan konponbidea emateko asmotan, arazoa "elkarrizketaren eta errespetuaren bitartez" bideratu nahi dute: "Gazteekin lotura duten eragileekin bilerak egingo dira. Haien iritzia ere entzun nahi dugulako. Eragile bakoitzak dagokigun erantzukizunez jokatu behar dugu, arazo honen aurrean errespetuz jokatuz. Izan gazte, heldu, guraso, hezkuntza-komunitateko kide, arduradun politiko...".

Antzuolan, bestetik, gazteekin bilerak egin izan dituztela azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak: "Antzuolan gertatzen ari dena denean gertatzen ari da. Guk hitz egin dugu gazteekin eta esan diegu, gutxienez bi gauza zaindu behar direla: txukuntasuna eta bolumena edo zarata. Izan ere, ulertzen dugu parranda egiteko beharra, gogoa eta eskubidea edukitzea; baina, lo egiteko eta atseden hartzeko eskubidea ere errespetatu beharra dago. Gure ustez, bizikidetza da gakoa". Eta gaineratu du: "Elkarrekin hitz egin dugunean, argi dago gazteek ere ulertu eta bat egiten dutela jarrera honekin. Kontua da, gero, gauak aurrera egin ahala, hori ahaztu egiten dela eta hor sortzen direla arazoak. Ez dauka konponbide errazik gainera, batzuk ezin direlako besteen jokabidearen erantzule bihurtu. Baina egia da arazoa hor dagoela eta, nola edo hala, konpondu egin behar dela. Kontua da inork ez dakiela nola".

Arrasateko Udalak, bere aldetik, kale-zurruta egiten den guneetako garbiketa zerbitzua indartu du ekainean, uztailean ere irailean. Hala, 12.443,45 euroko kostua izango du zerbitzu horrek udan.

"Liskarrak" ere bai

Bergarako ertzain-etxetik azaldu dute azken asteetan "bereziki" Bergaran areagotu direla botila festak: "Eta Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin egon badira ere, ez dugu igarri ugaritu direla". Diotenez, Antzuolan, adibidez, udan zehar baino askoz festa gutxiago antzeman dituzte. Edozelan ere, gisa horretako bilkuretan jende kopuru handia elkartzen da, "eta, kasu batzuetan, 300 lagundik gora ere elkar daitezke toki berean". Zaborra sortu ez ezik, festan parte hartzen ari direnen arteko "liskarrak" ere sortzen dira batzuetan, baita zurrutean ari direnen eta bizilagunen artean ere.

Zehaztu dute irailean zehar alkohola kalean edateagatik bederatzi isun proposamen jarri dituztela: sei Bergaran, bi Aretxabaletan eta bat Arrasaten. "Botila festekin lotutako aktuazioak Bergaran izan ditugu, batik bat. Normalean, patruilak iristerakoan gazte gehienek alde egiten dute, eta lekuan geratzen diren gutxi batzuei gogoratzen zaie ez dela baimendutako praktika bat, eta alde egiteko esaten zaie. Normalean, arazorik gabe joaten dira", azaldu dute Ertzaintzatik. Gaineratu dute salbuespenik ere egon izan dela: "Kasuren bat egon da patruilei botilak eta bestelakoak jaurti zaizkiela". Gainera, esan dute botila festa batzuetan "jende gehiegi" zegoela, eta, beraz, ez dutela horietan esku hartu, "segurtasun publikoko arazoa handiagoak saihesteko". Arrasaten ere aktuazio batzuk izan direla esan dute, "bertako Udaltzaingoarekin koordinatuta, gehienetan"; eta Aretxabaletan ere egin dute aktuazio bat.

Azkenik, azaldu dute bizilagun edo herritarren deiak sarri jasotzen dituztela, eta dei edo abisu guztiak ongietorriak izaten direla: "Denak erantzuteko ahalegin guztiak egiten ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak