Piramide demografikoa, inoiz baino irauliago

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 1a, 11:00

Gaur, hilak 1, Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna da; erkidegoko eta Debagoieneko demografia datuak ikertu eta gizarteari erradiografia bat egiteko aitzakia aproposa. Zenbakiek ez dute zalantzarako tarterik uzten: gizartea zahartzen ari da.

Demografiari dagokionez, populazioaren zahartzeak esan nahi du herritarren adinen araberako egitura aldatu egin dela. Kasu honetan, jaiotza-tasa murrizteak eta bizi-itxaropena handitzeak eragiten dute aldaketa.

Eustat Estatistika Erakundeak 2020an erregistratutako datuen arabera, Debagoieneko biztanleen %23,6 dira 65 urtetik gorakoa. Datu hori duela lau hamarkadakoarekin alderatuz gero, debagoiendarren %8,8 bakarrik ziren 65etik gorakoak; ia hamabost puntu egin ditu gora 40 urtean. Bestetik, 0 eta 19 urte artekoen taldeari erreparatuta, bailarako biztanleen %19 ziren iaz; 1981ean, berriz, %34, heren bat, osatzen zuten.

Jaiotzak erdira murriztu dira

Hamarkada batean, ia hiru urte hazi da bizi-itxaropena EAEn.Aipatu bezala, gizartea zahartzearen arrazoietako bat jaiotza-tasa murriztea da; hots, haur gutxiago ekartzea. Bailaran, 40 urtean, ia erdira murriztu dira jaiotzak; zehazki, %46 egin dute behera. Bestelako datu bat ematearren, 1976an ia mila jaiotza erregistratu ziren eskualdean (992); 1991n, berriz, 479ra jaitsi zen kopurua; 2010ean, gora egin zuen, 670ra iritsi arte; eta ordutik, urtez urte, behera egin du datuak. Iaz, 408 haur jaio ziren Debagoienean; gutxienez, mende erdian erregistratutako datu apalena da.

Joera bera islatu da Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Datu berrienak kontuan hartuta, 2021eko lehen hiruhilekoan, 3.298 jaiotza izan ziren; hau da, aurreko urteko tarte berarekin alderatuta, %12,5 gutxiago.

81 urteko bizi-itxaropena EAEn

Hamarkada batean, ia hiru urte hazi da bizi-itxaropena EAEn.

2020an hildako pertsonen batez besteko adina 81 urtekoa izan zen EAEn. Pandemiak pandemia, datuek erakusten dutenez, hamarkada batean bakarrik, 2,9 egin du gora bizi-itxaropenak.

Asko dira biztanleriaren zahartzeak dituen ondorioak –batez ere, sozioekonomikoak–, eta horietako batzuk ondo ezagunak dira: lan-adinean daudenen karga handitzea, gastu soziala aregotzea, pentsio-sistema eraldatu beharra... Horrek ongizate egoerari eragiten dio, eta, hain zuzen ere, hori da adineko pertsonek gaurko egunez kalera atera duten mezua: bizitza duinen alde egitearen garrantzia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak