Pandemiaren bilakaerak hobera egin duela agerikoa da. Irailean kasuak murriztu dira –horrekin batera intzidentzia-tasa– eta ospitaleetako egoerak ere hobera egin du. Debagoienean, guztira, 153 positibo batu dira hilabete honetan (orain arte metatutakoen %1,66) eta azpimarratzekoa da hiru egunetan ez dela kasurik atzeman. Horri lotuta esan behar da 2021ean sei egun izan direla kasurik atzeman gabe igaro direnak; hots, erdiak irailekoak izan dira.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
43ko tasa Debagoienean
Duela lau aste, hilaren 1ean, 310,14ko intzidentzia-tasa zuen bailarak eta eremu laranjan zegoen. Momentu honetan, 43,2ko tasa du –267 puntu egin ditu bera hilabete batean–.
Herriei erreparatuta, azken orduetan ez da kolore aldaketarik izan. Halere, apurka-apurka, tasek behera egiten jarraitzen dute:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
29 kasu Gipuzkoan
Bailaran bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ere hobera egiten dute datuek egunetik egunera. Beste bost puntu egin ditu behera intzidentzia-tasak azken orduetan (73,46koa da) eta ospitaleetako okupazioa ere arindu egin da.
Positibo berriei lotuta, 95 kasu atzeman dira; proben %1,4k eman du positibo: 49 kasu baieztatu dira Bizkaian, 29 Gipuzkoan, hamasei Araban eta bat bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, R0 datuak ere behera egin du eta 0,88an dago; gogoratu behar da 1,00etik behera egonez gero, pandemia ez dela hedatzen ari.
107 ingresatu gutxiago hilabete batean
EAEko ospitaleei erreparatuta, aurreratu bezala, okupazioak behera egin du. ZIUetan aurreko egunean baino bi lagun gutxiago daude (37) eta duela hilabete baino 20 gutxiago; eta plantan aurreko egunean baino bat gutxiago (86) eta duela hilabete baino 107 gutxiago.
Guztira, 123 lagun daude erietxeetan COVID-19aren ondorioz, eta Debagoieneko Ospitalean ez dago ospitaleraturik aurreko asteko martitzenaz geroztik.