Aitor Otamendi Munduko Raid Txapelketara, Galiziara

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 1a, 16:53

Aitor Otamendi, artxiboko irudi batean, raid bat egiten. Argazkia: Jose Perez.

Bihar, zapatua, hasiko dute Galizian gehienez zazpi egun iraungo duen non-stop lasterketa. Raidetan egiten den munduko hitzordu garrantzitsuena da, eta 24 lurraldetako 94 talde izango dira irteera puntuan; Oñatiarrak euskaldunekin batera osatuko du taldea.

Erresistentzia proba gehienak txiki uzteko moduko datuak ditu bihartik aurrera Galizian egingo duten Munduko Raid Txapelketak. 07:00etan, Monforte de Lemos herrian mundu osotik etorritako 400 kirolari batuko dira irteera puntuan, eta 24 herrialde ordezkatuko dituzte guztira. Eta noski, euskaldunek ezin zuten hitzordura kale egin. Hala, Aitor Otamendi oñatiarrarekin batera Beñat Oiartzabalek (Ibarra), Imanol Garaizabalek (Elgoibar) eta Naia Quincocesek (Mendexa) taldea osatuko dute: "AEBtatik, Kanadatik, Zeelanda Berritik edota Europako bazter guztietatik etorriko da jendea, eta raidetan erreferente diren horiek izango dira irteera puntuan", adierazi dio aste barruan Ota-k GOIENAri, Galiziara bidean zirela: "Bi furgoneta bete ditugu goraino, pentsa zenbat material daramagun. Izan ere, halako raidetan norberak eraman behar du material dena eta logistikak zentzu horretan sekulako garrantzia dauka. Material hori guztia gero kaxa ezberdinetan sartuko dugu, eta anoa puntu ezberdinetan jakin beharko dugu ze material utzi prest. Bizikletako zapatilekin ibilitakoak gara mendian oinez, pentsa".

Halako probetan esperientzia

Ez da lehenengo aldia Ota-k halako proba batean parte hartzen duena. "Euskal Raid taldera batu den azken kidea naiz, urtetan lagun kataluniar batzuekin osatu dut taldea, baina familia izan dudanez azken bi urteotan baztertuta izan ditut halako probak. Lehenago bai, Paraguain, Irlandan, Frantzian..., eta baita Espainiako beste zenbait raidetan hartu dut esku; baina, lehenengoz hartuko dugu esku Munduko Txapelketan".

Beheko zenbakiei begiratua botatzea baino ez dago jabetzeko datozen egunotan laukote horrek, eta gainontzekoek, gorriak eta bi ikusiko dituztela: "Hori da erresistentzia proba batek duen gauza polita. Pazientzia handia izan behar da, erresilientzia berba da erabiltzen dudana. Taldekideak animatu behar dira uneoro, izan ere, lehenago edo geroago denok izango ditugu krisialdiak, eta hor taldearen babesa behar da. Gero, mapak eskuan ditugula erabaki zuzenak hartu behar dira ibilbideak erabakitzerako orduan, burua hotz mantendu behar da, estrategiarekin asmatu behar da... Fisikoki sasoi puntu onean egotea ez da nahikoa. Hor badago esaera bat, lasterketan zehar esaten direnak hor geratzen dira, izan ere, momentu kritikoetan askotan gure arteko tonua ez da egokiena izaten. Egia da norberaren burua ezagutzeko oso ondo datozela halako bizipenak, eta bizipen horiek gero egunerokoan ere baliagarriak izaten dira. Ea lasterketa 110 ordu ingurutan amaitzeko kapaz garen, guztira 6-8 ordu lo eginda".

Raida datutan:

  • 122 km mendian oinez.
  • 80 km mendiko bizikletan.
  • 90 km kayakean.
  • 210 km mendiko bizikletan.
  • 65 km mendian oinez.
  • 11 km kayakean.
  • 36 km mendian oinez.
  • Tirolina bat.
  • Paddle surfean km bat.
  • Guztira 610 kilometro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak